SEADen aurkako Marokoren eraso militarra gaitzetsi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk
Marokoko indar armatuak, su-eten akordioa hautsita, egiten ari diren erasoaldi militarrara salatu eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari (SEAD) elkartasuna adierazi diote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk.
Ohar banatan, Marokoko Armadak saharar herriaren aurka martxan jarri duen erasoaldi militarra gaitzetsi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk.
Koalizio subiranistak, lehenik eta behin, «une zail hauetan» elkartasuna adierazi dio saharar herriari, «Marokoko indar armatuek bi aldeek sinatutako su-eten akordioa hautsi dutenean».
Era berean, Fronte Polisarioarekin eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekin «konpromiso irmoa» agertu du EH Bilduk, Marokok «saharar lurraldea legez kanpo okupatzearen aurkako jarrera»nabarmenduz.
Funtsezkotzat jo dute une honetan nazioarteak babesa eta laguntza adieraztea.
Elkarrekin Podemos-IUk, erasoa gaitzestearekin batera, espainiar Gobernuari –zeinak, gogoratu dutenez, erantzukizun historikoa duen Mendebaldeko Sahararekin–, Europar Batasunari eta Nazio Batuen Erakundeari dei egin diete «berehala» esku har dezaten, indar marokoarrak erretira daitezen, biztanleria zibila babesteko eta bake itunak errespeta daitezen.
Aldi berean, SEADen Gobernuaren alde daudela azpimarratu dute, «eginahalak egiten ari baita bakearen eta segurtasunaren izenean biztanleria zibila babesteko».
«Inoiz baino premia handiagoa dago irtenbide baketsu eta iraunkor bat emateko lurralde hari; izan ere, hango politika ezegonkorra da eta liskarrak direla medio ez da egon garapen ekonomiko, sozial eta politikorik lortzerik, herritarrek hain desio eta premiazkotzat izanik. Gainera, COVID-19a eta larrialdi sanitario, ekonomiko eta soziala ikusita, giza laguntza handiagoa beharko da lurralde hartako errefuxiatuen kanpalekuetarako», adierazi du Elkarrekin Podemos-IUk.
Azkenik, «gure erakundeen inplikazio sendoa» beharrezkotzat jo dute, «premia historiko larria baitago Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko eta saharar herriaren giza eskubideak errespetatzeko. »