INFO

Jakak erakustaldi bikaina emanda menderatu du Bilbon Urrutikoetxea, iazko beste finalista

Bezperan Irribarria txapeldunak Darioren aurka galdu zuen emaitza berdinarekin (13-22) esan dio agur lehiaketari Zaratamokoak. Jaka bikain ibili da erasoan nahiz defentsan eta nagusitasun osoz hartu du mendean txapela janzteko faborito nagusietako bat.

Jaka, garaipena ospatzen Bilbon (Aritz LOIOLA / FOKU)

Buruz Buruko Txapelketako iazko bi finalistak, Iker Irribarria txapelduna eta Mikel Urrutikoetxea txapeldunordea, final-laurdenetan kanporatuak izan dira, jokatu duten lehen partida galdu ondoren. Ostiral gauean Irribarria faboritoak 13-22 galdu zuen Darioren aurka Irunen, eta gaur Bilbon emaitza berdinarekin galdu du faboritotzat jotzen zen Mikel Urrutikoetxeak Erik Jakaren aurka.

Lizartzarrak neurketa bikaina jokatu du, aurreko astean final-zortzirenetan Bakaikoaren kontra erakutsi zuena baino joko askoz azkar eta zuzenagoarekin. Defentsan aritzea tokatu zaionean sufritzen jakin du, errematean oso fin ibili da, eta sakearekin ere asko asmatu du. Bere zenbakiek –jokoan 14 tanto eginak, sakez beste 6 eta galdutakoak bi bakarrik– argi erakusten dute gipuzkoarra perfekziotik oso hurbil gelditu dela.

Urrutikoetxea, aldiz, lotuta bezala aritu da, zalantza askorekin, eta harritzekoa bada ere, fisikoki pattal samar ikusi zaio partidaren bigarren erdian. Edonola ere, neurketaren hasiera oso txukuna egin du bizkaitarrak. Ideiak oso argi zituela ematen zuen: pilota asko atzeratuz, pazientzia handiarekin jokatzen hasi da, aurrean jokaldirik ia egin gabe baina Jakari atzean asko behartuz. Modu horretan aurreratu da 6-2, tartean sakez ere tanto bat eginda.

Baina Jaka azkar esnatu da eta, Jokin Etxanizek behin eta berriz eskatzen zionari jaramon eginez, tantoak aurrean azkar bihurritzen hasi da. Txokoan airez utzitako bi tantori eta sakez egindako beste biri esker 6-6 berdindu du markagailua, eta sake-bueltan egindako beste batekin 6-7 aurreratu da.

Hortik aurrera, jokoaren ekimena Jakarena izan da beti. Partida ez da erabat hautsi, Urrutikoetxea ez delako edonor Buruz Burukoan eta gogotik saiatu delako neurketa berari interesatzen zitzaion joko estilora ekartzen, baina alde batetik edo bestetik Jakak beti lortzen zuen Urrutiren ekimena moztea –ikusgarriak izan dira lizartzarraren hiruzpalau gantxo, oso atzetik behartuta zabalean maisuki sartu dituenak–.

Urrutikoetxea 10-12 hurbildu da, esaterako, ormabiko eder bati esker, baina 10-13koa aipatutako gantxo horietako bati esker egin du Jakak, eta norgehiagoka apurtu duen bost tantoko partzialari hasiera eman dio. Errematean asko asmatuz 10-17ra alde egin du gipuzkoarrak eta oso zail jarri zaizkio gauzak bere aurkariari.

Kale edo bale arriskatzen saiatu da hortik aurrera Urrutikoetxea, baina ez da hori bere gaitasunik onena eta apustua ez zaio ongi irten. Sakez eta sake-bueltan egindako tanto sorta batekin, Jakak 13-22koa itxi du eta finalerdietara sailkatzea lortu du. Bihar Danel Elezkanok eta Asier Agirrek Eibarren jokatuko duten partidaren irabazlea izango du aurkari.

«Emozionatuta nago», onartu du Jakak amaieran. «Entidade aldetik nire garaipenik handienetakoa dela uste dut, zer txapelkjeta den eta zer aurkariren kontra irabazi dudan ikusita. Urrutikoetxeari Bilbon, bere frontoi kuttunean, sekulakoa da niretzat», gaineratu du, 233 pilotakada eta 50 minutuko iraupena izan dituen neurketari buruz.