INFO

Bide ona berrartu nahi du Alavesek igande gauean Valentziaren kontra

Gasteiztarrak denboraldiko momenturik onenean zeuden geldialdiaren aurretik: hiru partida zeramatzaten galdu gabe eta bi berdinketa lortu zituzten jokalari bat gutxiagorekin. Valentziak Real Madril gainditu zuen eta horrek kemena eman zion Javi Gracia nafarrak gidatzen duen taldeari.

Peleteiro –Bartzelonaren kontra– hamaikoan izango da Valentziaren kontra. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Alaves eta Valentzia aurrez aurre arituko dira igande honetan, gaueko 21.00etan, Mendizorrotzan. Bi taldeek bide ona hartu zutela dirudi nazioarteko geldialdia baino lehen, eta bide horri eusteko aukera bikaina dute.

Gasteiztarrak denboraldiko momenturik onenean zeuden geldialdiaren aurretik: hiru partida zeramatzaten galdu gabe –Valladolid, Bartzelona eta Levante– eta bi berdinketa lortu zituzten jokalari bat gutxiagorekin Bartzelonaren eta Levanteren aurka azken bi partidetan.

Valentzia antzera dabil: azken jardunaldian Real Madrilen aurka irabazi zuen eta horrek kemena eman zion Javi Gracia nafarrak gidatzen duen taldeari. Valentziako entrenatzaileak duda handia du Maxi Gomez aurrelari uruguaitarrarekin, arazo fisikoekin baitabil.

Pablo Machin Alaveseko entrenatzaileak, aldiz, talde osoa entrenatu ahal izan du egun hauetan, baina Pere Pons, Edgar Mendez eta Burguik ezin izango dute jokatu arrazoi ezberdinengatik. Lehenengoak arazo fisikoak ditu, bigarrena zizgortuta dago eta hirugarrena etxean dago covid-arekin.

Martin Agirregabiria eskuin hegalean jarriko du, ziur asko, Machinek, Tomas Tavaresek ezin izan baita apenas entrenatu bere selekzioarekin aritu eta gero. Aurrean, Joselu Mato eta zortzi hilabeteren ondoren gola sartu zuen Lucas Perez arituko dira.