INFO

Durangoko Azokaren online denda, martxan jartzeko prest 2.300 produkturekin

Durangoko Azokak 2.300 produktu jarriko ditu salgai online abenduaren 4tik 8ra. Gerediaga elkarteak sekula izan den azokarik birtualaren eta berezienaren xehetasunak eman ditu jakitera.

Arantza Atutxa, Gerediaga elkarteko gerentea, Landako gunean. Atzean, Nerea Mujika, elkarteko lehendakaria, eta Oihane Agirre, Azoka Telebistako kidea. (Gorka RUBIO / FOKU)

Landako gunea erabat aldatuko da aurtengo abenduko lehen asteburuan, hots, Durangoko Azokaren 55. edizioan. Seguruenik ediziorik ezohiko eta agian zalantza gehien sortzen duena. Ohiko argitaletxeen, diskoetxeen eta elkarteen stand-en ordez, osasun-larrialdi egoerak horrela behartuta, euskal kulturaren aurtengo uzta Durangoko Azokaren web gunean egongo da ikusgai eta salgai; eta produktu horiek, Landakon bertan kokatutako biltegitik aterako dira postaz zazpi haizetara.

Katalogoa gaur arratsaldetik aurrera –arazo batzuk izan ostean, 16.00etan martxan jartzea espero zuten Gerediagakoek– kontsulta daiteke jada webgunean. Bertan kuxkuxeatu, hautatu, hautaketa hori gorde saskian, eta abenduaren 4tik aurrera erosi ahal izango da.

Salgai egongo diren produktuen stock-a Landakon atontzen ari diren modulu batetik aterako da. Aurrez aurre, modulua; bizkarrean, kultur ekitaldi presentzialak hartuko dituen espazioa, horrela aurkeztu diote Gederidagakoek medioei ostegun goiz honetan zenbat lan, buruko min eta esfortzu ekarri dien apustua.

Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak, herritarrei eskatu dien moduan, Azoka beste modu batera bizi beharko dugu aurten. «Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere», Nerea Mujikaren aldarria.

Web orrialdean, kultur uzta

2.300 produktu baino gehiago salgai, aurten sortutako 852 nobedaderekin izango dira eskura webgunean; 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...). Guztira, 2.300 produktu erosi ahal izango dira ‘euskal Amazon’ erraldoi honetan. Aurten euskal ekoizleek ez diote hutsik egin Azokari bere edizio arriskutsuenean, eta betiko legez (iazkoaren %90a) 185 partehartzailek (diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, autoekoizleak...) eskainiko dituzte online dendan beraien produktuak.

Erosketak abenduaren 4ko goizetik abenduaren 8ko gauerdira arte egin ahal izango dira. Gaur arratsaldetik aurrera, ‘desioen saski’ bat osatu daiteke Azokaren denda martxan jartzen den unean erosi ahal izateko. Ordainketa egiten lehenengo mila erosleei, aurtengo kartel ederraren irudiarekin egindako poltsa berezia bidaliko zaie doan, erosketarekin batera.

45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko. Horitik behera bai, noski. Jaso eta berehala egingo dira bidalketak, baina jaiegunak izanik eta distantzien arabera, batez beste 2-4 egun kalkulatu beharko dira erosketa etxera iritsi orduko.

Aurrez aurreko ekitaldiak eta streeming bidez

Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzaileak gogoratu duenez, Azoka ez da salerosketarako gune hutsa. Hau euskal kulturaren erakusleihoa da betidanik, oso garrantzitsua.

Hau dela eta, Durangon bertan ehun kultur ekitaldi egingo dira zubi horretan. Bi kokagune izango dira: Landako Gunea eta Plateruena. Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10.30etik 21.00ak arte. Eta guztira 37 musika talde igoko dira taula gainera.

Landakon, aldiz, gainerako jarduerak antolatu dira. Goizetan, familientzako ikuskizunak izango dira; ondoren, gai desberdinei eta aktualitateari lotutako mahai-inguruak. Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira.

Aurrez aurre ere bi modutan jarraitu daiteke Azoka; batetik, han bertan, baina hori Durango eta inguruko herritarrek besterik ez dute ahal izango, eta gainera aforo murrizketekin (50 lagunen Plateruenean; 80, Landakon). Bertan egoteko aurretik gonbidapenak erreserbatu behar izango dira webgunean.

Bestetik, online, streamingen bidez. Oihane Agirrek azpimarratu duen bezala, bera Azoka Telebistako kidea da, «bi streaming kanal egongo dira gure webgunean; bata Landako guneari dagokiona, eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero goizeko 10.30etatik 21.00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango dituzue».

Bestalde, Durangotik kanpo ere jarduerak antolatu ditu Azokak ‘Zu non, han DA!’ lemapean. Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroan) kontzertuak egongo dira, 32 musika-taldeen parte-hartzarekin. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean.

Ireki eta zabaltzeko jarduerak

Urtero bezala, Azokako lehenengo eguneko goizean, hau da, abenduaren 4koan, ikasleak izango dira egitaruaren protagonistak. Birtuala izango da, online, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiek jarraitu ahal izango dituzten hainbat tailer online bitartez (ez da beharrezkoa aldez aurretik izana ematea).

Ondoren, Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezberdinekin elkarrizketa-saioa gidatuko dute (hau ere online); Liher musika talde donostiarra, Kai nakai abeslaria (iaz Azokako II. Sormen beka irabazi zuen sortzailea) eta Erika Elizari eta Aitor Arana idazleak egongo dira.

Goiz horretan, San Agustin kulturunea bigarren urtez musika-industriaren topagunea izango da (15 taldek eman dute izena).

Eta arratsaldean, lehen aldiz, inaugurazio ekitaldia izango da. 18.00etan jarri dute ordua, eta bertan hainbat sortzailek hartuko dute parte; Eñaut Elorrieta, Kirmen Uribe New Yorketik online, eta Bagara dantza talde durangarra.

19.30etik aurrera, Kai Nakairen kontzertua, festa giroan lehen egunari amaiera emateko.

Abenduaren 8an, bestalde, hau da, Azokako azken egunean, ‘Taupadaz taupada’ ikuskizun berezia prestatu dute Landako gunerako. 12.00etan hasiko da Miren Amuriza, Amancay Gaztañaga, Antton Telleria eta Maite Arroitajauregi Mursegoren parte hartzearekin.