Futbolean eta bizitzan, ezkerra beti, harrotasun zoragarri batekin
Maradona klase harrotasuna eta klase gorrotoa da. Ezkerra zen futbolean eta ezkertiarra bizitzan. Etorkin italiarren eta indigenen ondorengoa, cabecita negra bat, potrero-a, kartoi biltzailea, kinki harro zoragarria.
Pertsonaren kondizioa ahaztura da, baina, gure haurtzaroaren itsasora bueltatzen bagara, prakamotzetan belaunak urratuta jokatzen genuen garaietara, ulertuko dugu itsaso horrek ez gaituela sekula abandonatzen, hor segitzen duela, uzkurtuta, gure bihotz helduetan. Maradonak bazekien hori, horregatik beti bueltatzen zen goseak hozka egiten zion haurtzarora, haragi bizitan zituen pobreziaren zaurietara, Estatuak laguntza bidez emandako esnea erosiz jan ahal izateko tabako paketeen aluminio-papera biltzen zuen garaietara.
Horregatik da Maradona klase harrotasuna eta klase gorrotoa. Ez zuelako nondik zetorren eta nola heldu zen iritsi zen lekuraino inoiz ahaztu. Bazekien zeintzuk ziren bere sustraiak eta bere zutoinak. Ezkerra zen futbolean eta ezkertiarra bizitzan. Etorkin italiarren eta indigenen ondorengoa, cabecita negra bat, potrero-a, kartoi biltzailea, kinki harro zoragarria.
Che Guevara idolatratzen zuen peronista izan zen, herritik sortua eta herriari beti leial. Kubako Iraultzaren aldekoa, bolivartar peto-petoa. Fidel Castro bigarren aitatzat zuen eta Hugo Chavez bere konplize kutuna zen. Nicolas Maduro une zailenetan ere beti babestu zuen. Baita Maiatzeko Plazako Amak, herri mugimenduak eta kazeroladak ere.
Kale txakurra zen Maradona. Futbolak historian inoiz izan duen adierazpen ederrenera eraman zuen jokoa, futbola bera ere transzendituz. Bere golak pobreen golak ziren, hegoaldeko Italia pobrea iparraldeko Italia aberatsa garaitzeko balio izan zuten golak. Gol antikolonialistak ziren, Malvinetako gerra eta gero Ingalaterrari “Jainkoaren eskuarekin” sartu zion gola eta lau minutu ondoren sartu zuen historiako gol ederrena kasu. Horregatik zen futbolaria baino gehiago: poz ahaztezinen ikono popularra zen, jainkorik ez dutenen Jainkoa.
Badakit Maradona gustuko ez diren gauza asko ere izan zitekeela. Kontraesanetan sortzez garbi eta zuzentasunaren neurriaren jabe direla uste dutenek egunotan gogoratuko dituzte drogak, alkohola, ume ez aitortuak eta beste. Baina zalantza baduzue, aski da begiratzea nortzuk diren Maradonaren etsaiak. Eta ikusten dituzuenean, nor izan zen eta zeinen handia izan zen jakingo duzue. Gugan bego beti.