INFO

Bueltan da Baskonia ACB Ligan, Real Madrilen etxean jokatzeko eta irabazteko gogoekin

ACB Ligan bi aste jokatu gabe igaro ondoren, Baskoniak madrildarren kantxa bisitatuko du asteazken honetan, gaueko 21.15etan. Pablo Laso gasteiztarrak gidatzen duen taldeak partida guztiak irabazi ditu −hamaika− eta orain NBAra joandako Facundo Campazzo gabe ari dira jokatzen.

Vildoza, argazkian Real Madrilen aurkako Euroligako partidan, duda da asteazkenerako. (Raul BOGAJO/FOKU)

Klasiko bihurtu dira dagoeneko Baskonia eta Real Madrilen arteko partidak. Asteazken honetan gasteiztarrek bisita egin behar diote Pablo Lasok gidatzen duen taldeari (21.15, WiZink Center). ACB Ligan duela bi astez geroztik jokatu gabe egon ondoren, badirudi ez dela momenturik egokiena aurkari honen kontra aritzeko, orain arte txapelketako partida guztiak irabazi baititu, hamaika.

Azken neurketa, gainera, NBAra joan den Facundo Campazzo jokalaria gabe irabazi zuen Real Madrilek. Beraz, argi dago argentinarrak ematen zion indarra eta kalitatea baino gehiago dela Pablo Lasoren taldea. «Bere inguruan jokatzen zuten lehen denek, eta orain kalitate handia duten beste jokalari batzuk hartu dute protagonismoa, CSKAren aurkako partidan ikusi ahal izan zen moduan», azpimarratu du Dusko Ivanovic Baskoniako entrenatzaileak, Campazzoren irteera dela-eta, partidaren atarian.

Neurketarako Luca Vildoza duda da bizkarreko arazo batzuengatik. Azken asteetan argentinarra Real Madrilen ahotan egon da Campazzoren irteeragatik talde zurira joateko eskaintza egingo zioten beldurrez, baina Baskoniakoak zurrumurruak segituan gezurtatu zituen gasteiztarrekin 2024ra arte kontratua zuela adieraziz.

Baskonia hiru porrotekin iritsiko da WiZink Center-era, baina esperantza ematen dieten lau garaipen jarraian lortu dituzte Ivanovicen jokalariek. Gainera, badakite zer den denboraldi honetan Real Madrili irabaztea. Euroligako lehen jardunaldian gertatu zen, eta gasteiztarrek 76-63 irabazi zuten Buesa Arenan.

Asteazken honetarako, Ivanovicek uste du bere taldeak defentsa on bat egin behar duela Real Madrilek puntu kopurua jaisteko –ACBko bigarren saskiratzaile onena da, San Pablo Burgosekin 976 puntura berdinduta eta BAXI Manresaren atzetik, 1.010 punturekin–. Horrek «erasorako konfiantza emango liguke», amaitu du Ivanovicek.

Pista berria

Saski Baskoniak gaur bertan bere sare sozialen bidez jakinarazi eta erakutsi duenez, taldeak kantxa estreinatuko du datorren igandean, Acunsa GBCren aurkako derbian.

Pista berria KTL marka daniarrak egin du bereziki Buesa Arenarako eta 32,7x19,25 metroko dimentsioak ditu. Heveako egurrarekin eginda dago eta taula bakoitza Flexi-Lock sistemaren bidez elkartzen dira, postaren egonkortasuna bermatuz.

Diseinua pertsonalizatuta dago eta berritzailea da. Kolore grisa du eta Baskoniaren armarria laser teknikaren bidez serigrafiatuta dago. Gainera, pista desmuntagarria da, saskibaloiaz gain, kirolez kanpoko beste jarduera batzuk egin ahal izateko Buesa Arenan.