Pilotariek aholkulari edo botileroak izango dituzte Lau eta Erdiko partida guztietan
Artola/Peña, Elezkano/Zubizarreta (larunbatean Azkoitian) eta Peio Etxeberria/Agirre eta Irribarria/Bengoetxea VI.a (igandean Eibarren) partidek emango diote hasiera Lau eta Erdikoko txapelketari. Partida guztietan pilotari guztiek laguntzaile bat izango dute alboan.
Pilotarien nahiak erabat bete ez badira ere, berrikuntza nagusi batekin ekingo zaio larunbatean Azkoitian hasiko den Lau eta Erdiko txapelketari: partida guztietan, berdin du pilotariak enpresa berekoak edo desberdinekoak izan, pilotari guztiek laguntzaile edo botilero bat izango dute alboan.
Hori bai, botilero honek enpresa bereko teknikari edo beste pilotari bat izan beharko du. Pilotaria bera izango da hori erabakiko duena eta laguntzailerik ez izatea ere aukeren artean omen dago.
Kirol alorrari dagokionean, Mikel Urrutikoetxeak beteko du berez Unai Lasori zegokion lekua Ezkurdia, Jokin Altuna –ez da aurkezpenean izan– eta Erik Jakarekin. Honek astea lasaixeago hartzeko aukera emango dio Zaratamokoari, ez baita ahaztu behar datorren asteartean Binakako finala jokatu behar duela Aimar Olaizolarekin batera.
Ez da hori Asier Agirreren kasua. Are estuagoa da iruindarraren agenda, ostiral gauean Binakako finalerdia jokatu beharko baitu Jon Ander Albisurekin, Ezkurdia eta Martijaren aurka. Baikoko pilotariak gailendu eta Agirrek Binakako finala jokatu beharko balu, Peio Etxeberriaren aurkako partida ostegunean jokatuko luke, Bilbon. Joseba Ezkurdiak ez luke arazo hori, egungo txapelduna izanda, hurrengo astean hasiko baita kaiolan lehiatzen.
Printzipioz, ateak itxita
Erakundeetako arduradunek bestelakorik baimendu ezean, pilota enpresetako arduradunen asmoa partidak ateak itxita jokatzen jarraitzea da, baita abenduaren 27an Bilbon iragarrita dagoen finala ere.
Buruz Burukoan bezala, partidak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jokatuko dira. Nafarroan jokatzearen aukera ez omen dute begiratu ere egin eta ETB izango da, hein handi batean, berarentzat egokienak diren pilotalekuak aukeratuz, partiden egoitzak aukeratuko dituena.
Txapelketa koadroa
A—>Artola/Peña—>Ezkurdia
D—>P. Etxeberria/ Agirre—>Jaka
B—>Elezkano/Zubizarreta—> Altuna III
C—>Irribarria/Bengoetxea VI —>Urrutikoetxea