INFO

NK Rijeka talde kroaziarrak euskaraz agurtu du Reala Europa Leaguen lehiatu aurretik

NK Rijeka talde kroaziarrak euskararen aldeko keinu batekin agurtu du Reala, Europa Leaguen elkarren aurka lehiatu aurretik. Multzoko faseko bosgarren jardunaldia jasoko du Anoetak; Kroazian 0-1 irabazi zuen talde donostiarrak.

NK Rijekako jokalariak Anoetan entrenatzen. (@NKRijeka)

Europa Leagueko bosgarren jardunaldia jasoko du ostegun honetan Anoetak. Reala NK Rijeka talde kroaziarraren aurka ariko da. Futbolaz harago, baina, kiroltasunez, keinu txiki baina garrantzitsu bat egin du NK Rijekak sare sozialetan Anoetara ezagutu bezain laster.

Abenduaren 3a Euskararen Eguna dela jakitun, euskaraz agurtu du Reala. Hala, mezu bera kroazieraz eta ingeleraz ere zabaldu du.

Realak, bestalde, Euskaraldiaren baitan osatutako bideoaz aparte, emakumezkoen taldeko jokalariekin bideo berezi bat osatu du «euskaldunak gara eta euskaraz bizi gara» mezua azpimarratzeko. Manuela Lareo, Maddi Torre, Itxaso Uriarte, Amaiur Sarriegi, Ane Etxezarreta, Iraia Iparragirre, Leire Baños eta Nahikari Garciak hartu dute parte.

Garaipena funtsezkoa

Gaurko neurketari dagokionez, Kroaziako taldeak ez du punturik poltsikoratu jokatu dituen lau neurketetan eta Realarentzat berebiziko garrantzia hartu du norgehiagoka honek. Garaipen bat eskuratuz gero −eta Napolik AZ Alkmaar mendean hartzen badu−, zuzenean hurrengo faserako txartela eskuratuko luke talde txuri-urdinak. 

Azkenean, David Silvak hasieratik jokatuko du eta Zubeldiak hartuko du min haruta dagoen Aritz Elustondoren lekua.