Sektorearen berrantolaketa eta aktibazio plan bat eskatu du Teknikariok sindikatuak
Ikuskizun eta ekitaldiak posible egiten dituzten espezialitate anitzeko langileak dira eta egoerak sektorearen erregulazio eza agerian utzi duela uste dute. Elkarlanerako prest, laguntzak dirutan soilik ez izateko eskatu diote erakundeei.
Badoaz hilabeteak eta egoerari irtenbidea emateko proposamenak ailegatzen ez direla ikusten dute Teknikariok sindikatutik. Sindikatu transbertsala da, anitza, barne biltzen dituen langileen ogibideak ere hala direlako. Emanaldiak, ikuskizunak eta bestelako ekitaldiak aurrera ateratzeko katearen ezinbesteko parte dira: soinu teknikariak, ekoizpen arduradunak, lokalen kudeaketaz arduratzen direnak… askok ez dute beren artean zerikusirik, baina denak dira puzzle berberaren piezak. Ezinbestekoak.
Ostiral honetan, Durangoko Azoka abiatua dela aprobetxatuz, agerraldia egin dute bertan, egoeraren nondik norakoak azaldu eta erakundeei eskua luzatzeko. Elkarrizketarako prest, proposamenak luzatu eta irtenbideak jasotzeko. «Ez dugu aitzakia gehiago nahi erakundeen aldetik. Ez dago egiazko erantzunik haien aldetik, eta nekatuta gaude», adierazi dio NAIZi Gorka Agirrek. Adierazi duenez, ez dira beren haserrea erakustera gerturatu, «elkarlana eskaintzera baizik».
Lakuak ere bere sailen artean elkarlana sustatu behar duela uste du, alegia, auziak inplikatzen dituen sailak koordinatu, «ez baita ematen». Enplegu, Kultura eta Ekonomiarako Sustapen sailak eskutik helduta joan behar dute, Agirreren ustez, eta Gizarte Segurantza mahai berberean eseri arazi.
Egiten dituzten eskaerak zehatzak dira: sektorearen aktibaziorako plan bat eta sektorearen berrantolaketa edo, beste modu batean esanda, antolaketa, izan ere pandemiak agerian utzi ditu zulo guztiak. «35 urte daramagu behar den bezala antolatu gabe, eta hori ez da posible. Gaur egun indarrean dugun legea 1985. urtekoa da, eta ahaleginik ez dute egin ez hemen ez Madrilen sektorea erregulatzeko eta eguneratzeko», kritikatu du.
Diru laguntzak beharrezkoak dira, bai, ez du ukatu, baina ez da nahikoa, eta esleitu direnak ere zalantza handiak eragin dituzte sindikatuaren baitan. Datu bat nahiko argigarria da: bideratu ziren diru laguntza kopurutik %17a baino ez da banatu, gainontzekoa izenik gabe gelditu da baldintzarik betetzen ez zelako. Kulturako langile guztientzako 2,5 milioi euroko laguntza espezifikoa guztiengana iritsiko zela esan zuen Lakuak, «eta dirua soberan egongo zela esan zuten», oroitu du Agirrek, baina berak bestelako errealitate bat irudikatu du. Agerraldian esan dutenez, EAE osoko 3 teknikarik bakarrik jaso dute. «Dirua sobratu da, baina orain ezin da berreskuratu gehien falta denean. Bazekiten baldintzek ia denok kanpoan utziko gintuztela?».
Ogibide, ez afizio
«Ziurgabetasuna» handia da, eta ez dute beren kezka ezkutatu. Beren zenbakien arabera, ekitaldi eta ikuskizunetako langileen %60 ez da lanean ari, haien diru-sarrerak %50 jaitsi dira batez beste laguntzak kontuan hartuta, eta %15ek ez du ez laguntzarik ez lanik. «Utzikeria hori dela eta, baliteke hemendik urtebetera sektorerik ez egotea, gutako erdiak ezingo baitu sei hilabete gehiago iraun eta %75ak ezingo du urtebete gehiago eutsi», azaldu dute.
Ostiral honetan bertan, 19.00etan, Landakon antolatu duten konzentraziora batzeko deia egin dute. Langile bakoitzaren atzean «familia bat» hemen ere, erantsi du Agirrek. Hamar langiletik lauk behin behineko kontratuekin egiten du lan, beraz arazoak aurretik datoz. «Geuk ere ekonomia sortzen dugu, baina sektorea ezin da bideragarria egin prekarietatea elikatzen. Bestela, gurea, afizioa litzateke, ez ogibidea. Gaurtik aurrera lanerako eta elkarlanerako deia berretsi nahi dugu», amaitu du.