INFO

Erakustaldiak beste egun baterako utzi dituzte Iñaki Artolak eta Danel Elezkanok

Ofizioz eta oinarrizko gauzak sendo egiteagatik atera dituzte aurrera Peña (22-15) eta Zubizarretaren (22-13) aurkako partidak. Ezkurdia eta Altuna, iazko finalistak izango dituzte parean hurrengo kanporaketan.

Deseroso hasi bada ere, garaipen ona lortu du Danel Elezkanok. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Arrazoi bategatik edo bestegatik, zalantzaz josita azaldu dira Iñaki Artola eta Danel Elezkano gaur arratsaldean Azkoitiko Gurea pilotalekura eta denak ez badira ere, duda hauetariko batzuk behintzat uxatu dituzte, Jon Ander Peña (22-15) eta Iraitz Zubizarretari (22-13) gailenduta. Xehetasunak gora-behera, antzerako partidak izan dira lehen mailako kaiolako biak eta bi partiden lehen erdian gazteak beteranoagoak estutu badituzte ere, azkenerako faboritoen eskarmentua nagusitu da. Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna izango dira hurrengo arerioak eta hor gaur egindakoa ez da nahikoa izango.

Covid 19a eta giharretako lesio bat gainditu berri, jakina zen Iñaki Artola ez dela bere punturik onenean heldu kaiolako hasiera honetara eta gabezia horiek errematean, batez ere ezker gantxoan, nabaritu zaizkio gehien, baina hala ere une oro partidan sartuta egoten jakin izan du, sakea eta errestoa bezalako oinarrizko gauzetan zuzen aritu da eta hortik etorri da garaipenaren parte handi bat. Partidako tantorik politenak eta ikusgarrienek Jon Ander Peñaren sinadura izan dute, zabalean egindako erremateek esaterako, baina, jokoan behar adinako jarraikortasunik ez du izan tolosarrak. Hasieratik asko arriskatu du erasoan, eta horrek alde batzuk ere eman dizkio markagailuan (5-7), baina huts gehitxo pilatu ditu, tartean sakearekin egindako bi falta eta, konfiantza galduta, partida erditik aurrera erabat erori da.

Elezkanok ez du hutsegin

Jakaren aura Buruz Burukoan jipoi handi xamarra hartuta eta eskuetatik ere zenbait arazo izan ostean, entrenatu gabe eta zalantzaz josia ekin dio partidari Danel Elezkanok. 5-0 aurreratu bada ere, Zaratamokoa ez da erabat eroso ikusi kantxan, baina hortxe egon da Jokin Etxaniz aulkitxotik eztena etengabe sartuz partidatik ihes egin ez zezan. Hotz hasi bada ere, arerioak saketik egindako pasa bati esker sakea hartu eta sake-errematean asmatuz partidan sartu da Iraitz Zubizarreta, 6-8 aurreratzea ere lortuz.

Hala ere, ataundarrak ez du gaitasunik izan alde horri eusteko. Bere huts batzuk alde batetik eta Elezkanok ezker gantxoarekin asko asmatu duela bestetik, partidaren bigarren erdian bizkaitarra erabat nagusitu da eta, ekarri dituen zalantza batzuk behintzat, gainetik kenduko zituen. Altuna du zain final laurdenetan.

Artola Agirreren ordez

Bihar jokatuko dira, Eibarko Astelenan, geratzen diren final zortzirenetako beste bi partidak. Partida horietako bat, gainera, azken orduko aldaketa batekin dator, Asier Agirrek eskuineko eskua minduta amaitu baitzuen eta Axier Arteagak ordezkatuko du Peio Etxeberriaren aurka. Beste partida Irribarria eta Bengoetxea VI.ak jokatuko dute.

 

Fitxa teknikoak:

Artola: 22

Peña II.a: 15

Pilotakadak: 194. Iraupena: 42,59 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-6, 5-6, 5-7, 10-7, 10-10, 13-10, 13-11, 14-11, 14-12, 18-12, 18-14, 20-14, 20-15, 22-15. Sakeak: 5 (falta 1) Artolak eta 2 (2 falta)  Peña II.ak. Tantoak: 9 Artolak eta 11 Peña II.ak. Hutsak: 1 Artolak eta 6 Peña II.ak. Gorabeherak: Azkoitiko Gurea pilotalekuan eman zaio hasiera Lau eta Erdikoari, publikorik gabe. Iñaki Artolak Beñat Urretabizkaia izan du botilero eta Jon Ander Peñak Aitor Aranguren.

 

Elezkano: 22

Zubizarreta: 13

Pilotakadak: 168. Iraupena: 36,57 minutu. Markagailua: 5-0, 5-2, 6-2, 6-8, 9-8, 9-9, 16-9, 16-11, 19-11, 19-13, 22-13. Sakeak: 2 (2 falta) Elezkanok eta 4 Zubizarretak. Tantoak: 14 Elezkanok eta 5 Zubizarretak. Hutsak: 2 Elezkanok eta 5 Zubizarretak. Gorabeherak: Azkoitiko Gurea pilotalekuan eman zaio hasiera Lau eta Erdikoari, publikorik gabe. Danel Elezkanok Jokin Etxaniz izan du botilero eta Zubizarretak Aimar Olaizola.