INFO

Jone Arriola, La Traka eta Pello Reparazen proiektuak hautatu dituzte 2deo sarietan

Tabakalerako ikus-entzunezko 2deo Sarirako deialdira aurkeztu diren ia ehun proposamenetatik Jone Arriola, La Traka eta Pello Reparazen proiektuak hautatu dituzte. Tabakaleran garatuko dituzte proiektuok.

La Traka Produccionesek ‘Nahiak’ webseriea garatuko du. (NAIZ)

Tabakalera kultura garaikidearen Donostiako zentroak antolatzen du 2deo sariketa, ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena eta eta prototipazioa sustatzeko. 2020ko sariketan hiru proposamen izan dira hautatuak aurkeztu diren ia ehun proiektuen artetik: Jone Arriola, La Traka Producciones eta Pello Reparazenak, hain zuzen ere. Hiru proiektuen artean 50.000 euro banatuko dira eta, urtarriletik maiatzera bitartean, euren proiektuaren prototipazioa garatzeko baliabideak eta espazioa izango dituzte Tabakalerako 2deo laborategian. Prozesua amaitzean, horien aurkezpen publikoa egingo dute.

‘Larrugorritan’ da Jone Arriolak landuko duen proiektua: gazteak ardatz dituen telesail honetan gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak eta mitoak hausten saiatuko da. Arriola bere esperientzietatik abiatuko da, egunerokotasunean gazteek bizi dituzten egoerak islatzeko.

La Traka Producciones-ek ‘Nahiak’ webseriea osatuko du. Hamabost minutuko hiru atal izango ditu eta drama eta komediaren artean kokatuko da, bazterketa arriskuan dauden kolektiboei ikusgarritasuna ematea helburu izango dituen webserie hau.

Adimen artifizialarekin sortutako kantuak

Azkenik, Pello Reparaz Zetak taldeko kideak ‘Fatum’ proiektua garatuko du, adimen artifizialarekin sortutako lehen abesti eta ikus-entzunezko aplikazio interaktiboa. 2deotik azaldu dutenez, proiektu honetan, adimen artifizialak ematen duen informazioari esker, hartzaileak ez du inoiz abesti bera entzungo eta ez du bideoklip bera ikusiko. Gidoiaren pistak, egiturak eta bideak erreproduzitzeko konbinazioak askotarikoak izango dira eta erreproduzitzen den bakoitzean esperientzia ezberdina izango da. Ikus-entzunezkoetan oinarritutako prototipoa da, baina, aldi berean, musikaren sektoreari zuzendutakoa.