Lau indigena hil dituzte Caucako departamenduan, Kolonbian
Nasa komunitateko lau indigena hil eta beste bat zauritu dute sikarioek Kolonbiako Cauca departamenduan, bertako erakunde sozialek salatu dutenez.
Kolonbiako Cauca departamenduko erakunde sozialek salatu dutenez, nasa komunitateko lau indigena hil dituzte sikarioek Santander de Quilichao udalerriko etxalde batean. Beste pertsona bat zaurituta dago erasoaren ondorioz.
Mauricio Capaz, Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkarteko Giza Eskubideen koordinatzaileak azaldu duenez, motor gainean zihoazen bi gizonezko iritsi ziren etxaldera eta pertsona bat tirokatzeari ekin zioten. Gainerako biktimak hura defendatzean hil ziren.
Hasiera batean sei hildako izan zirela zabaldu zen, baina Capazek baieztatu du lau direla eta beste emakume bat zaurituta dagoela.
Feliciano Valencia senatari eta nasa komunitateko kideak ohartarazi du Cauca departamenduan egoera okertu egin dela eta FARC gerrilla zenaren disidenteek komunitate indigenak mehatxupean jarri dituztela.
!Atención! Luego de la masacre la noche anterior en el resguardo donde habitó nos la declaran objetivo militar. pic.twitter.com/EMetgjia4u
— Feliciano Valencia 🌽 (@FelicianoValen) December 6, 2020
FARCek Santander de Quilichao, Suarez, Miranda, Corinto, Caloto eta Jambalo udalerrietako indigenen buruei leporatzen diete Estatuaren politikaren konplize izatea eta bertako laborariek legez kanpo landatzen dutena erretzea.
Kolonbiako indigenek salatu dutenez, Ivan Duque presidenteak 2018an kargura iritsi zenetik genozidio baten biktima izaten ari dira, Estatuaren pasibitatearen aurrean.