INFO

Zesta puntako pilota jaurtitzen abiadura errekor berria ezarri du Iñaki Osa Goikoetxeak

Red Bull bere babesleak urrian Alcañizeko zirkuituan antolatutako saiakera batean, zumaiarrak jaurtitako pilota batek 313 kilometro orduko abiadura harrapatu zuen, Ibon Aldazabal berriatuarraren aurreko marka orduko 8 kilometroan hobetuz.


Iñaki Osa Goikoetxeak zesta puntako pilota batekin lortzen den abiadura marka berria ezarri du berriki. Red Bull bere babesleak urrian Alcañizeko zirkuituan antolatutako saiakera batean, zumaiarrak jaurtitako pilota batek 313 kilometro orduko abiadura harrapatu zuen, aurreko marka orduko 8 kilometroan hobetuz.

Aurreko marka hori Ibon Aldazabalek ezarri zuen 2017ko azaroaren 24an Dania Beacheko pilotalekuan, Floridan: 305,77 kilometro orduko. Hala ere, kontuan izan behar da Goikoetxearen marka karbonoz egindako xistera berezi batekin lortua izan dela, Iñigo Calzacortak diseinatua, eta ez pilotalekuetan erabiltzen duten ohiko zestarekin.

Goikoetxearen marka berria ikusgarria izan zen, Dani Pedrosa MotoGPko gidari ohiaren aurka eginiko erronka bat izan zelako. Ondoren eginiko adierazpenetan, Goikok pandemiak baldintzatutako urtea errekor berria lortzeko baliatu duela esan zuen.

«Beste urte batzuetan, izaten ditugun lehiaketa guztiak tarteko, ez nuen denbora izaten errekor hau ongi prestatzeko. Aurten, ordea, hanketako giharrak lantzen ibili naiz marka saiakera honi modu egokian aurre egin ahal izateko», adierazi zuen 11 aldiz buruz buru munduko txapeldun izana den puntista zumaiarrak.

Gaineratu zuenez, errekorra egiteko erabili duen xistera partidetan erabiltzeko proposamena ere egingo du baldin eta pilotalekuan egindako probak ongi ateratzen badira.