INFO

Hilabeteren buruan, Zaragozaren aurkako dema Araskik eraman du (60-54)

Hirugarren laurden bikaina egin ondoren, azken segundora arte sufritu behar izan dute Madelen Urietarenek. Orain Koparako sailkatzeko aukera txiki bat azaldu zaio berriro, zapatuan Campus Prometeri irabazten badio.

Joy Adams, Araskiren bosgarren garaipeneko heroia. (Endika PORTILLO / FOKU)

Azaroaren lehenengoan hasi eta abenduaren 9an amaitutako partida Kutxabank Araskik eraman du Casademont Zaragozaren aurka. Halakoren baten, bere bosgarren garaipena erdietsi du Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak eta hori hala, datorren zapatuan Logroñoko Campus Prometeren aurka Mendizorrotzan irabaziko balu, Kopan sartzeko azken aukera bat ireki du.

Egiari zor, ia ezinezko dauka talde gasteiztarrak Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzulia Top 8 delakoan amaitzea, are gehiago asteazkenetik larunbatera bitartean fitxaketarik egin ezean. Gogoan izan behar da Tania Perez min hartuta dagoela eta domeka gauean Anna Cruzek Araskirekin zuen kontratua eten zuela. Bada, kanpoko lerroa oso justuan dauka gaur egun talde arabarrak, eta Zaragozakoen aurkako azken minutuetan nozitu badu errotazio hain labur hori, zer esan 40 minutuko partida baten aurrean!

Ia malkoak eta guzti isuri dituzte Araskiko jokalariek azken segundoetan Zaragozaren aurka 60-53 irabazi ostean. Azaroaren 1eko partida erdi hartan atzetik joan ziren uneoro gasteiztarrak Aragoikoen aurka, eta atsedenaldira 25-31 iritsi ziren. Bada, markagailu horri buelta ematea egokitu zaie Madelen Urietarenei.

Baita eman ere hirugarren laurdenean! Araskik 24-12ko partziala eskuratu du, Joy Adams eta Quevedoren lan eskerga dela-eta. Biek ala biek leher eginda amaitu dute, hegalekoak izanik ia ordezkorik ez baitute –Cristina Molinuevok 20 segundo baizik ez ditu jokatu–, baina taldeari behar zuen gidaritza eman diote. Baita Tamara Abaldek ere. Abalde min hartuta zegoen azaroko aurreneko egun hartan, baina asteazken honetan bere neurria eman du, markagailua 55-53 dela Asurmendik huts egindako jaurtiketa baten errebotea hartu eta baloia berriz ere antolatzaile nafarrari emateko.

Beti sufritzen

Hirugarren laurdenean nahi izan duen guztia egin ondoren, 11 puntuko aldea ere eskuratu du Araskik: 54-43. Alabaina, Madelen Urietarenek ez dakite sufritu gabe irabaztea zer den, eta 1-10eko partziala «irentsi» behar izan dute azken laurdenean.

Errotaziorik ia bat ere ez, Wutz, Gatling eta Gorecki aurkariak gero eta finago, 55-53raino hurbildu da Aragoiko taldea, eta orduan izan dira kontuak. Defentsa, errebotea eta nerbioei eustea ezinbestekoak izan dira garaipena bermatzeko. Hala, Abalderen oparia eskertuz, Asurmendik bi jaurtiketa librerekin 57-53koa ezarri du eta hiruko bati esker, Joy Adamsek 60-53 ezarri, Araskizaleen poza lehertaraziz.