INFO

Alessandro Bariccoren literatura euskarara hurbildu du Fernando Rey itzultzaileak

Alessandro Baricco italiarraren ‘Odolik gabe’ eleberria euskarara ekarri du Igela argitaletxeak Fernando Rey itzultzailearen eskutik. Estilo soilaz, barrokotasunik gabe, gerra batera eramango gaitu idazleak, bere ondorio eta galdera handietara. Zergatik?

Fernando Rey itzultzaileak ekarri du euskarara ‘Odolik gabe’. (Maialen ANDRES I FOKU)

Zehazki bigarren aldia da Alessandro Baricco egilearen lan bat italieratik euskarara izan dela itzulia. Aurrenekoz Igelak argitaletxeak berak egin zuen, ‘Zeta’ (1996) nobela arrakastatsuarekin; haren ondotik etorri da itzulpen berria, ‘Odolik gabe’, 2003an argitaratua. Fernando Rey arduratu da geure hizkuntzara ekartzeaz idazlearen estilo soila, barrokotasunetik aldentzen dena, pertsonaiak ia definitu gabe uzten dituena, irakurlearen esku utziz eraikuntzaren zati handi bat.

Ostegun honetan egin da aurkezpena Donostian. Eleberriak, Rey-k kontatu duenez, gerra batera garamatza, baina hemen ere Bariccok ez du zehaztapenik ematen, ez non gertatzen den, ez zein den atzean dagoen auzia. Arrazoi politikoak daude tarteko, hala iradokitzen da, besterik ez. «Edozein izan liteke, baina nobelaren muina gerraren beraren izugarrikeriak eta ondorioak dira, eta gerran gaudenean eta gerraren ondorioak sufritzen ditugunean izaten ahal ditugun sentimendu, jokabide eta jarrerak», azaldu du.

Protagonista nagusia neskato bat da, Nina, eta bigarren maila batean haren neba eta aita. ‘Odolik gabe’ bi denbora tarte oso aldenduetan garatuko da, eta pertsonaiak ere oso garai ezberdinetan ikusiko ditugu. Lehen zatia oso bizia da, Far Westeko pelikula baten antzera, ekintza da nabarmenena eta irudituko zaigu kamera batekin erakusten direla gertakariak. Lehen tarte horretan gertatuko dira heriotzak eta erahilketak, erasoak, minak.

Bigarren atalak denboran 50 urte aurrera egingo du. Nina ez da neskatoa, emakumea baizik, eta umetan bizitakoak erabat markatu duela ikusiko du irakurleak. «Hemen erritmoa pausatua da, lasaia da, eta bi pertsonen arteko elkarrizketa bat da haren mamia. Honetan, pertsonaien sikologia, barne-mundua eta biolentziaren ondorioak eta haiek bizitzeko moduak erakusten zaizkigu gehienbat», zehaztu du itzultzaileak.

Bi aurpegi horiek ditu gerrak, «dugun txarrena eta hoberena pizten digu gatazkak», uste du Rey-k, eta Bariccok horixe jasotzen du eleberri honetan. Liburua iradokizunez betea dagoenez, itzultzaileak uste du «jende askori, niri gertatu zaidan bezala, gogoeta batzuetan, gure herrian berean bizi izan ditugun eta oraindik ere bizirik dauden jarrera eta ondorio asko etorriko zaizkio burura. Ezinbestean, indarkeria, mendekua, zubien premia, barkamena, sufrimendua, enpatia, odola… horiek denak ageri dira».

Laburtasunaren dohaina

Sakona da nobela, eta laburra aldi berean. Oso intentsoa eta indartsua. Esandakoek baino, ez esandakoek, baizik eta iradokitzen denak planteatzen dituen zailtasunez galdetuta, tentu handiz itzuli duela adierazi du. «Ez dut kontatu Bariccok berak esaten duena baino gehiago, ezta gutxiago. Justu justu adierazi nahi duena, eta nahi ez duena».

Laburtasunez idaztea ez dela gauza batere erreza erantsi du. «Laburtasuna arte bat da, zailagoa da, zehaztasuna eskatzen du, alferreko edukia kentzea, betelana kentzea. Zein gozagarriak diren gauza sinple baina ederrak! Zenbait momentutan luzatu beharrik ez dago», defendatu du. Bestalde, eta literaturaren kasuan, laburtasunak askatasun bat ematen dio irakurleari, nobelaren muin denaren inguruko detaileak jartzeko aukera ematen diolako, eta, horrela, modu aktiboagoan hartzen du parte irakurleak.

Moldeak, estiloak, gogora ekarri dizkio aurrekoan Joseba Sarrionandiak ‘Gauzak direna balira’ aurkeztu zuenean, alegia, «irakurleak sortzen duela literatura». Bada, antza, kasu honetan, erabat betetzen da funtzio aktibo hori.

Gozatu du Alessandro Baricco itzultzen, baina kezkak izan ditu, jakina. «Bereziki elkarrizketak sinesgarriak izatea eta hauek ongi funtzionatzea, eta lehenbiziko partearen eta bigarrenaren erritmoa eta irudiak ongi islatzea», onartu du.