INFO
Entrevue
Irene Larraza
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria

«Kanpoan kontatzekoa hobea da hemen kultura osasuntsu badago»

Kazetaritza ikasketak eginda, kultura eta komunikazioaren bueltan ibili da: Herri Irratian, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tolosako Udalean. Etxepare Institutuan, 2018an zuzendari kargua hartu zuen.

Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.

Hamar urte egin ditu Etxepare Euskal Institutuak euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko zabalkundearen alde lanean.

Urteurrena ospatzeko ekitaldian esan zenuen duela hamar urte ez zenekitela oso ondo zertarako balio zuen hizkuntza eta kultura erakunde batek. Gaur, ordea, normaltasunez egiten duzu lan Europako beste institutuekin.

Guretzat inportanteena zen gure sortzaileentzako tresna bat izatea kanpora aterako zirenean. Bestalde, inportantea da kanpoan ere nor bagarela; euskarak eta euskal kulturak instituzio bat izatea oso estrategikoa da. Hizkuntza handiak izaten dira horrelako instituzioak izaten dituztenak; ez da ohikoa hizkuntza gutxitu batek halako erakunde bat izatea. Hori marka handia dela iruditzen zait. Guk, behintzat, beste institutuekin lan egiten dugu buruz buru, inolako konplexurik gabe.

Urtean, batez beste, 60 euskal leiho sustatu ditu Etxeparek nazioarteko jaialdietan, beste ekimen askoren artean. Hizkuntza gutxitu batentzat zer suposatzen du nazioartean zabalkunde hau izateak?

Zenbakiak inportanteak dira, baina ez da inportanteena. Iruditzen zait kulturgintzan badugula joera bat dena kuantifikatzeko. Hori oso inportantea da, jakina, eta kulturgintzak hori ere egin behar du. Baina kualitatiboki da inportantea kanpoan egotea. Garrantzitsua da ematea testigantza bat esanez hemen gaudela, hemen badagoela kultur sorkuntza bat. Kanpora goazenean gure dinamika da kanpoko eragile, jaialdi, institutu eta programatzaile batekin elkarlanean aritzea eta konpromisoa lortzea beraien gunean euskal leiho txiki bat egon dadin. Gure konpromisoa, urtetik urtera gure sortzaileak leiho horietatik pasa daitezela.

Urte zaila izan da arlo guztietan. Zertan eragin du koronabirusak Etxepare Institutuan?

Izugarri eragin du. Gure lana kanpoan dago eta mugikortasuna guztiz eten da. Irakaskuntzan behartu gaitu arrapaladan online formakuntzara salto egitera. Kultur ekimenetan, beti kanpoko beste eragileekin egiten dugu lan, eta kasu batzuetan online eskaini dira hainbat gauza, baina orokorrean nahiago izan dugu gauzak atzeratu, kanpoan egiten diren gauza horiek aurrez aurre gertatze horri garrantzia ematen diogulako.

Etxeparen bezala, eragin du Durangoko Azokan eta Euskaraldian, kasurako. Larria da egoera?

Egia da egoera honek bereziki astindu duela euskal kultura, eta egia da euskal kultura aurretik ere ez zegoela egoerarik fuerteenean. 2020ak ahulezia asko azaleratu ditu eta azaleratu den hori guztia egia da. Nik, hala ere, irakurketa positibo bat egin nahiko nuke. Oso modu dramatikoan azaleratu da egoera, zaila delako, baina interesgarria da konponbidea jarriko bazaio. Honek eragiten baldin badu neurri berriak hartzea eta benetan urratsak egitea kulturgintza sendotzearen alde, behinik behin eragin hori izango du. Guk kanpora zabaltzen lan egiten dugu, baina iruditzen zait sorkuntzaren eta kulturgileen egoera kanpoan sendotzeaz gain, etxean euskal kulturak ikusgaitasun handiagoa merezi duela, abenduan eman ohi zaion horretaz aparte. Gure lana da kanpotik fokua jar dezatela gure kulturan, baina hemen ere, etxean, badago defizit bat. Urte osoan zehar sinistu behar dugu euskal kulturak duen garrantzia, zeren oso erraza da handik eta hemendik iristen diren gauzek itzala egitea gureari.

Aulkiak izan zenituzten protagonista urteurreneko ekitaldian. Badira aulki dotoreak, herdoilduak, erosoak eta deserosoak. Euskal kultura sostengatzen duen aulki hori nolakoa irudikatzen duzu?

Egurrezko aulkia irudikatzen dut, lurrari lotutako material batez egina, gure kulturak horra eramaten gaituelako, benetan garen horretara, nik natura eremu horretan ikusten dut. Baina, era berean, erakargarria eta erabilgarria ikusten dut. Egurrezkoa, baina arina. Ekitaldian ere esan genuen, gure hizkuntza misteriotsua dela, sailkaezina, batzuek zaila dela esaten dute. Baina euskara bada baita baliagarria, erabilgarria, digitala, modernoa, sorkuntzarako erabiltzen dena, integratzeko eta komunikatzeko balio duena. Eta gure neurriko hizkuntza baterako oso marka handia da erabilera horiek guztiak izatea. Eredu hau, munduan, oso ezohikoa da. Orduan, horrela irudikatzen dut aulkia. Batez ere, izan dadila aulki bat jendea esertzera gonbidatuko duena. Nik ez ditut ulertzen hizkuntzak bereizteko tresna gisa ulertzen dituzten horiek, justu kontrakorako balio dutela pentsatzen dut.

Bi herrialdeen arteko kultura harremanak hauspotu dituzue. Zer nabarmenduko zenuke Eskoziako esperientziatik, eta zer espero duzu Quebec-etik?

Eskozian arreta jarri genuen nazioarteko jaialdietan, zeren han daude Europako jaialdi esanguratsuenetako batzuk. Gure lana izan zen horietan muturra sartu eta euskal atalak sortzea horietako batzuetan. Quebec-en, berriz, denbora gehiago izan dugu proiektua lantzeko eta hango erakundeak ezagutu ditugu, gobernuko erakunde batzuk gurekin elkarlanean aritu dira. Jaialdietan leiho horiek sortzeaz aparte, hemengo eta hango eragileak aktibatu genituen. Hogei bisitari inguru gonbidatu genituen, harremanetan jarri genituen hemengo eragileekin eta batzuen artean aukera berriak eta politak sortu ziren. Horiek ekoitzi eta alde bietatik finantzatu ditugu.

Lantzean behin sareetan azaltzen dira zabalkundea izaten duten bideoak, euskal hitzen erdarazko esanahiak esplikatuz, batzuetan azalpen okerrekin. Euskararen erromantizazio horrek mesede egiten dio hizkuntzari?

Zuzenak ez diren gauzak zabaltzea arriskutsua da, zeren erraz hedatu eta betikotu daitezke. Baina zarata egitearen aldekoa naiz. Gaizki esandakoak zuzentzeko aukera badago, eta garen hori kanpoan kontatzea ezinbestekoa da. Pentsa zer dakigun guk galegoari buruz, adibidez. Zenbat hitz ezagutzen ditugun, zenbat esamolde, zenbateraino daukagun gertu ala ez. Bada, oso gutxi. Hemen gaudela esatea, bere soilean, asko da.

Aurrera begira, zertan jarriko zenuke indarra Etxepare Euskal Institutuan?

Nik nahiko nuke institutu sendo bat, esan nahi duena kultura sendo bat daukagula. Helburua ez da institutua sendotzea, institutua bitartekari bat da, eta kanpoan kontatuko dugun hori aberatsagoa eta hobea izango da hemengo kulturgintzaren osasuna ona den bitartean.