INFO

Boko Haramek Nigerian bahitutako 333 ikasleetatik 17 aurkitu dituzte

Joan den ostiralean Boko Haram talde jihadistak Nigeria ipar-mendebaldeko Katsina estatuko eskola baten aurka egindako erasoaren ondotik desagertuta dauden 333 ikasleetatik hamazazpi topatu dituzte agintariek.

Polizia talde bat, iragan ostiralean Boko Haramek Nigeriako Katsina estatuan eraso zuen zentroan. (Kola SULAIMON/AFP)

«Nigeriako talibanek» bigarren hezkuntzako eskola bati eraso egin zioten joan den ostiralean, Katsina estatuan, herrialdearen ipar-mendebaldean, 333 ikasleren bahiketa beren gain hartuz.

Azken orduetan haietako hamazazpi aurkitu dituztela jakinarazi dute agintariek. «Astelehen gauera arte, eskura dudan informazioak adierazten du desagertutako 17 haur aurkitu dituztela», azaldu du Aminu Masari Katsinako gobernadoreak Deutsche Welle (DW) Alemaniako irrati publikoari.

Ume horiek beren familiekin bildu direla esan du Masarik eta, gaineratu duenez, «[bahitutako] ikasle gehienak Zamfarako basoan [Katsinarekin muga egiten duen estatua] daude. Erreskatatzeko ahaleginak egiten ari gara».

Atzo publiko egin zen ahozko mezu baten bitartez, Abubakar Shekau-k, Boko Haram erakunde jihadistako buruzagiak, Nigeriako ipar-mendebaldean ehunka ikasle bahitu izana onartu zuen.

Chibokeko bahiketa

Shekau bera da 2014an Chiboken 276 neskatila bahitzeko operazioaren arduraduna. Bahiketak mundua izututa utzi zuen, taldeak neska asko sexu esklabo gisa zerabiltzala eta.

Sei urteren buruan ez da ezer aldatu. Aitzitik, okerrera egin du. 300 gazte baino gehiagok desagertuta daude oraindik Katsinako estatuan lizeo baten aurka egindako erasoaren ostean. Boko Haram taldeak bere gotorlekuetatik ehunka kilometrora egin du erasoa. Jihadistek ipar-ekialdean dute indarra, Txad aintziraren inguruan, ez ipar-mendebaldean.

Motorrean iritsi ziren ehun bat jihadistek eraso zioten ostiral gauean Kankara herriko eskolari. Ehunka gaztek ihes egin zuten ilun zegoela aprobetxatuz. Jihadistek gazteak indarrez errekrutatzeko bahitzen dituzte. Bahiketa beste talde batzuei egotzi zien hasieran gobernuak. Eskualde arriskutsu horretan ohikoak dira «bidelapurren» erasoak eta jendea izututa bizi da. Erreskateak exijitzeko bahiketak sarritan gertatzen dira.

Boko Haramen azken operazio horrek agerian uzten du jihadista taldeek gero eta eragin handiagoa dutela Nigeriako ipar-mendebaldean, eta oro har herrialde osoan.

Muhammadu Buhari Nigeriako presidenteak herrialdeko eskola guztietan segurtasuna indartzeko agindu du. Katsina estatuan eskola guztiak itxi dituzte. Armadak «bidelapurren gotorlekua» aurkitu duela iragarri du eta ikasleak askatzeko operazioari ekin diola ziurtatu du. Antzeko egoeretan soldaduek herritarren artean egin dituzten gehiegikeriak kontuan hartuta, orain «tentuz» arituko direla iragarri du Gobernuak. Hala ere, bahitutakoen kopurua oraindik zehaztu gabe dago, gazte batzuek oihanera ihes egin eta egunak igaro dituztelako ezkutatuta herrira itzuli aurretik.

Nigerian egoerak okerrera egin du, 2015ean Muhammadu Buhari aukeratu zutenetik. Presidenteak Boko Haramen aurkako borroka gobernuaren lehentasuna izango zela agindu zuen.