INFO

Araskiren bigarren zatiak hirugarren garaipena erreskadan ekarri du berarekin (64-54)

Nahiz eta Valeriya Berezhynska ukrainiarraren debuta izan den talde arabarrean, Laura Quevedo eta Joy Adams hegalekoak izan dira Madelen Urietarenen garaipenaren protagonista. Atsedenalditik aurrera Al-Qazeres baino gehiago izan dira Mendizorrotzakoak.

Laura Quevedo, Araskiren izar nagusia Al-Qazeresen aurkako garaipenean. (Endika PORTILLO / FOKU)

KUTXABANK ARASKI 64 - AL-QAZERES EXTREMADURA 54

Mendizorrotzari 2020koagatik agur esateko modurik onena aurkitu du Kutxabank Araskik, segidan hirugarren garaipena kateatu du-eta. AlQazeres borrokalari bat izan du aurkari eta atsedenaldira arte gainetik kendu ezinda eraman du talde gasteiztarrak. Zorionez, atsedenaldiaren ostean Laura Quevedo –17 puntu– eta Joy Adams –15 puntu eta 7 errebote– azaldu dira partidaren nondik norakoa arabarren alde bideratzeko.

Bestalde, Valeriya Berezhynska ukrainiarrak ere debuta egin du Araskiren kamisetarekin. Oraindik ere sistemak ulertu beharra daukala nabaritu zaio, baina saskia bilatu du behintzat eta aureeneko laurdena amaitu aurretik lortu ditu bere lehenengo bi puntuak, jaurtiketa libreen marratik.

Al-Qazeres hobeto hasi da, hala ere. Christinaki eta Vicky Llorenteren bidez, aurretik jarri dira Extremadurakoak, beste arrazoi askoren artean hiruko jaurtiketetan nahiko pattal ekin diotelako partidari Madelen Urietarenek.

Hutsegiteak askoz gehiago izan dira saskiratzeak baino. Zorionez, Al-Qazeresek antzerako pekatuak egin ditu, bigarren laurdenean batik bat. Hala, lehenengo hamar minutuen ostean markagailua 16-17 amaitu bada, bigarren laurdenean bi taldeetako bata ere ez da gai izan hamar puntu saskiratzeko. Hala, atsedenaldian markagailua 25-23 dela iritsi da, azken segundoan, erasoko errebotea jaso ondoren, Tania Perezek saskiratzea lortu baitu.

Hirukoak barrura

Zorionez, aurreneko erdiko lehortea amaitu da halakoren baten. Araskik hirugarren laurdenarekin batera hirukoak ere aurkitu ditu: Quevedo, Izaskun Garcia eta Maria Asurmendi kanpotik asmatzen hasi dira eta, halakoren baten, gasteitarrek aldea irekitzea lortu dute.

Quevedok Araskiren saskiratzeen pisua bere gain hartu du eta azken minutuetan 8-0eko partzial bati esker, arabarrek partida behingoan hautsi dute eta azkenengo laurdenera 48-37 aurretik iristea lortu dute.

Christinaki eta Aydinen eskutik, Extremadurakoek erreakzioa bilatu dute azken laurdenean. Alabaina, gasteiztarrek ez diete aukerarik eman, Joy Adams eta Izaskun Garcia Urlezagak Madelen Urieterenek hain beharrezko zituzten puntuak lortu diztuztelako. Hala, hirugarren garaipena segidan lortu ostean, aurreneko zortziren artera gehitxoago hurbiltzea erdietsi du Araskik.

Euskal taldeen aurkariak, mutur banatan

Larunbatean amaituko da Emakumeen Endesa Ligari dagokion bigarren itzuliko aurreneko jardunaldia euskal taldeentzat. 18.00etatik aurrera Josean Gasca kiroldegian jokatuko IDK Euskotrenek eta Bembibre izango du aurkari, Ligako azken aurrekoa. Ordu erdi beranduago hasiko da, berriz, Lointek Gernika Basketen partida Malosten, Valentzia Basket bigarren sailkatuaren aurka.

Donostiarrei dagokienez, Becca Hitnerren dtuba izango da talde gipuzkoarrarekin. «Caceresen egin duen lana aintzat hartuta, baliagarri izan dakigukeela pentsatuz fitxatu dugu Becca. Ziur gaude taldearen joko sistemetara berehala ohituko dela», adierazi du asteon Azu Muguruzak.

Ligako hamabosgarrena izanagatik Bembibre, ez da Bierzoko taldeaz fidatzen entrenatzaile donostiarra. «Bi partida bakarrik irabazi dituzten arren, azken aldian joko hobea egiten ari dira; are gehiago, pare bat bider irabaztear ere izan dira eta puntuak erraz asko sartzen dituzte. Neurketa zaila izango da», esan du.

Gernika Bizkaia, berriz, Malosten garaiezina izan da aurreneko itzulian. Hantxe egon da Mario Lopez eta bere taldearen indarra aurreneko itzuli hoti laugarren postuan amaitu eta Kopako serie buru izateko.

Alabaina, Valentzia Basket Emakumeen Ligako bigarren postuan doa uneotan, partida bakarra galdu ondoren lehenengo itzuli osoan. «Salamancan, liderarren aurka bakarik galdu zuten eta orduan ere partida irabazteko baloi jabetza izan zuten. Beraz, hasteko eta bat partida oso ona egin beharko dugu, eta handik aurrera ikusiko dugu», azaldu du Mario Lopezek.