INFO

Bakegileek eta kulturgileek plazak «argituko» dituzte presoen alde

Kulturgileen eskutik eta Bakegileekin batera Ipar Euskal Herriko plazak «argituko» dira presoan alde larunbatean. Urtarrilaren 9an Baionako karrikak bete nahi dituen giza kate argitsuari begira, jendarteari dei egiteko eta giroa berotzeko musikariak, dantzariak, marrazkilariak… ariko dira.

Baionan, Euskal Herriko beste txoko anitzetan bezala, Hertzainak taldearen ‘564’ kantua abestu zuten. (GUILLAUME FAUVEAU)

Presoen alde abenduaren 26an, larunbatean, Ipar Euskal Herriko plazetan eginen diren ‘Argitu plazak’ kultur ekintzetan parte hartzera egindako deian bat egin dute Bakegileek eta zenbait kulturgilek. Herrietan kultur ekimenen bitartez aldarrikapenarekin batera sektore honen egoeraren sostengua ere agerrarazi nahi da, osasun egoera dela eta zuzeneko agerraldi kulturalak egin ezin diren momentu honetan.

Ekitaldi hauek, urtarrilaren 9an Baionan egingo den «giza kate argitsuan» parte hartzeko deia egitea ere badute xede. Oraingoz 19 herri eta hiritako plazetan kultura karrikaratzeko hitzorduak finkatuak dira jada: Baiona, Biarritz, Azkaine, Hazparnen… baina jendeari beste herrietan ere antolatzera deitu diote.

Ekimenean parte hartzera deitu dute hainbat artistek, eta gehiago dira, parte hartuko dutenak. «Sentipen, ideiak eta gogoak elkartuko dira, kulturgileek ezin dituzte emanaldiak egin, eta publikoa inoiz baino urrunago dute, baina presoen aldeko elkartasunaren uztartuko da kulturgileen egoera» baieztatu dute Bakegileek. Odei Barroko, Maika Etxekopar, Nahia Zubeldia, Agustin Alkhat, Amaia Riouspeyrous, Pauline eta Juliette, Amets Arzallus, eta Zibel Damestoy eta Oihan Indart dantzariek, beraien deia zabaldu dute sarean hedatu den bideo baten bitartez.

Iaz Hertzainak taldearen ‘564’ kantua plazetan entzun bazen oraingoan «jauzi bat gehiago izango da. Joan den urtean oso sentibera izan zen, baina denetan berdina izan zen, oraingoan aldiz herrietako mobilizazioetan dantzariak, marrazkilariak, musikariak, bertsolariak… izanen dira», erantsi dute.

Artistak elkarrekin: dantzariak, musikariak, antzezleak, bertsolariak…

Odei Barroso bertsolari eta kantariak kulturgileek Bakegileekin aritzearen garrantzia nabarmendu du: «Artistek daukagun bisibilidadeak ere ematen dio sostengu handiago bat». Zentzu horretan, erantsi du: «Hainbat sorkuntza mota eramaten ditugu, bakoitzak bere arlo ezberdinean, hala ere presoen gaia bat egiten dugun gunea da, eta horren aldeko gauzetan parte hartzeko prest gaudela erakusteak, iruditzen zait bisibilitateaz gain konpromesu bat erakusten duela, sorkuntza hutsetik harago».

Oihan Indart dantzariak Bilaka taldeko hainbat kiderekin batera Baionan ariko da: «Plazara joanen gara gure presentzia aldarrikatzera» baieztatu du, eta egungo egoerari bi aldeetatik heldu dio: «Elkartartaratzeak eta aldarrikapenak ixilduak diren momentu honetan presoen egoera salatzeko eta oroitarazteko egiten dugu. Bestalde, kulturgile gisara, aurten gure ekimenak beste balore bat ere hartzen du, kulturaren bidez aldarrikatzen eta denuntziatzen dugu».

Aguxtin Alkhat musikari eta kantariak horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du: «Bakea lortzen ari garenean, edo gutxienez gizarte zibilak egiten duen indarrak emaitzak ematen ari delarik, presoen gaia konpontzea beharrezkoa da». Eta artistek horretan izan dezaketen tokia nabarmendu du: «Gu ez gara politikariak, ez dugu botere anitz, baina daukagun indarra da gizarteari ohartaraztea ekintza horietan bederen inplikatu behar dugula denek, saiatu jendarteari horrelako gaiak buruan sartzen, eta mugitu daitezen».

Itsasun ariko da, «plaza beste kulturgileekin partekatuko dut, eta xumeki arituko naiz Itsasuko herritarrekin». Deia ere egin du beste tokietan parte har dezaten: «Espero dut herri guztietan ere jendea hurbilduko dela, eta zerbait polita egingo dugula euskal presoen omenez».

Pauline eta Juliette bikoteko Juliette Alfonsok adierazi du «bakearen alde den guztia garrantzitsua da guretzat, eta inportantea da presoen gaia aipatzea, borroka garrantzitsua delako». Ekitaldietan parte hartzera dei egiten duen bideoan agertu bada ere, bikote gazteak ezin izanen du plazara joan Eskoriatzan kontzertua eskainiko dutelako egun horretan. Bertan jo ahal izateak bigarren diskoa aurkezteko parada emanen die, Ipar Euskal Herrian emanaldirik egin ezin den garai honetan: «Musikarientzat momentu zailak direnez, kontent gara disko berri hau publikoarekin partekatu ahal izateaz».

Urtarrilaren 9rako deia

Abenduaren 26ko ekimenak eta urtarrilaren 9an jendetsua izatea espero den argi kateak, elkarrekin doazela baieztatu du Indartek: «Jendeari oroitarazteko urterrileko data, eta motibazioa ekartzeko baliatuko dugu ere».

Alkhatek, bere aldetik, aurtengo egoera berezia izan du gogoan: «Beroaldi ederra izan zen iaz ‘564’ elkarrekin kantatuz aritzea, eta kari horretan aurten erabaki dugu zerbait egitea, urtarrilaren 9an euskal presoen aldeko elkarretaratze jendetsua izateko». Zentzu horretan gaineratu du: «Ikusita aurten egoera berezia dela covid-19arekin helburua da ere zerbait mugitzea, urtarrileko manifestaldirako».

Baionako karriketan argi kate baten bitartez jenden andana biltzea xede duen ekintza geroz eta sostengu gehiago jasotzen ari da, joan den larunbatean, abenduaren 19an, Euskal Elkargoak bere osoko bilkuran ekintzan parte hartzeko deiaren alde agertu zen 112 bozka alde, 15 kontra eta 18 abstenziorekin.  

Herriz herri, plazaz plaza

Oraingoz 19 bat herritan daude ekimenak antolatuta, baina gero eta hitzordu gehiago gehitzen ari dira dinamikara. Baionako merkatu plazan, 18:00etan kantaldia, dantza ikusgarria, bertsolariak… izanen dira, baita Biarritzen ere, Clemenceau plazan 17:30etan. Hazparne inguruko musikariak Elizako plazara hurbilduko dira kantaldia egiteko 11:00etan. Urtero danborrada hartzen duen herria da Hendaia, eta presoen alde ere, aterko dituzte haien danborrak Herriko Etxeko plazan 11:00etan.

Azkainen, Uztaritzen eta Urruñan elkartaratze animatuak eginen dira, lehenean merkatu eguna dela baliatuta, eguerdian partekatuko dute plaza saltzaile eta erosleekin, bigarrenean Txakatu taldeak girotuko du Mailiarena 17:00etan, eta azkenean Bost Axola, Txomin Dhers (Txalaparta) eta sorpresak izanen dira. Ziburun ere elkartaratze musikatua izanen da General Dominique Lannes plazan 18:00etan.

Osasun egoera dela eta segurtasun neurriak beteko direla segurtatu dute, musukoa eramatea derrigorrezkoa izanen da, nahiz eta normalean karrika gehienetan ez den beharrezkoa, eta segurtasun distantzia errepetatuko dela baieztatu dute.