INFO
Entrevue
Erik Jaka
Aspeko aurrelaria

«Postu bat irabazi dut, baina estatus aldetik jendea dago nire gainetik»

Buruz buruko txapelak ekartzen duen karga asimilatzeko astirik gabe heldu zaio Erik Jakari bere ibilbideko bigarren finala jokatzeko aukera. Berriz ere kide eta lagun duen Jokin Altunaren aurka aritu beharko du. Jota ikusi du amezketarra azken asteetan, baina kolpeari buelta eman diola uste du.

Erik Jaka Lizartzako plazan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Finalak jokatzeari gustua hartuta?
Oraindik ohitura gehiegirik gabe baina pozik. Azkenean, hilabeteren buruan jokatuko dudan bigarren finala da. Txapelketarik garrantzitsuena esaten dena aurrekoa izan zela uste dut baina, momentu honetan, honek ere garrantzi bera dauka eta oso pozik nago.

Alderik nabaritu duzu Buruz buruko eta Lau eta Erdikoaren artean?
Bai. Jendeak historikoki esaten du Buruz burukoa dela garrantzitsuena. Nik, egia esan  jokatzen diren hiru txapelketei garrantzi bera ematen diet, jokatzen ditudan partida guztiei ematen diedan bezala. Egian esan, sentsazioak desberdinak izan dira txapelketan, hau motzagoa ere izan da nire kasuan, zerrendaburu sartu naizelako, baina ezin naiz kexatu.

Buruz buruko txapela asimilatzeko astirik izan duzu?
Lehen aste horretan ez hainbeste, gorputza oso aktibo sentitzen nuelako. Lehen astean kostatu egin zitzaidan berriz ere arrankatu eta txapelketa batean buru-belarri sartze hori. Gehiago kostatzen da, gorputzak eta buruak tentsio puntu hori galdu bezala egiten dutelako, baina aurtengo egoerak eskatzen du, bai edo bai, zentratuta egon beharra. Nik uste aurreko astean lortu nuela berriz motibazio puntu hori eskuratzea, zentratzea berriz txapelketa batean buru-belarri, eta nik uste igandean kantxan nabaritu zela. 

Buruz buruko txapelak ez dit bizia aldatu eta ez dut uste aldatuko didanik. Lehengo bizi bera egiten dut, inguru bera dut eta hala jarraituko dut

Buruz buruko txapelak bizia aldatu dizu?
Ez dit aldatu eta ez zait iruditzen aldatuko didanik ere, egia esan. Nik lehengo bizi bera egiten jarraitzen dut, lehengo inguru berarekin jarraitzen dut eta hala jarraituko dut.

Esan izan dute kantxan elastiko gorri horrek pisu gehiago duela.
Bai, azkenean garbi neukana zen txapel horrek gehiago aterako ninduela erakusleihora eta nik uste hala izaten ari dela. Agian jendeak gehiago ezagutzen nau, medioetan ere gehixeago ateratzen ari naizelako lehen baino, baina inolako arazorik gabe.

Hori ere aldarrikatu zenuen txapela irabazi berritan, ezkutuan izan zareten pilotari horientzako ispilu izan zaitezkeela, beste pilotari batzuk ere lan handia egiten dutelako.
Bai, baina ez ezagun izateko zentzu horrekin, baizik eta kirol mailan. Azkenean kirol mundu hau ez dugu osatzen bakarrik kirolari garenok, enpresako partaide guztiek, kazetari guztiek ere osatzen duzue... Zirkulu horretan, normala den bezala, txapeldun izan direnean edo izar estatus hori daukatenen inguruan zentratzen da dena. Eta beste kirolari batzuez ez dut ahaztu esango, baina apenas ez da hitzik egiten eta nik aldarrikapen bezala esan nuena izan zen txapelak ez dituztela bakarrik irabazten estatus hori dutenek, lan apalagoa egiten dutenak ere igual-igual dutela ahalmena txapelak eskuratzekoa.

Orain beste aldean zaude?
Bueno, momentuz ez dut horrela asimilatzen. Nik garbi daukadana da gure enpresan dagoen lehiakortasuna ikaragarria dela, eta, azken urteotako tonika jarraituz, gure enpresan bi mutil daudela, Jokin [Altuna] et Joseba [Ezkurdia], ez dut esango ukiezinak direnak, baina bai estatus fijo bat dutenak, irabazitako estatus bat. Enpresako "número 1 eta 2" bezala ikusten ditut nik eta gero beste pelotoitxo bat dago, eta ni pelotoi horren barruan ikusten naiz. Aurtengo urtea ikusita, nik uste Binakako Txapelketan eta udako torneoetan postutxo bat irabazita dudala, baina, hala ere, iruditzen zait estatu bezala oraindik nire gainetik dagoen jendea badagoela.

Altuna eta Ezkurdia zu baino gorago ikusten dituzu oraindik? Biei irabazi diezu
Kirol mailan ez zait iruditzen lehen aipatutako pelotoitxo horretatik Joseba [Ezkurdia] eta Jokinenganako [Altuna], jokoz behintzat, hainbesterako koxkarik dagoenik. Kontua da Jokin eta Josebak urte batzuk daramatzatela urteko hiru txapelketetan ikaragarrizko maila ematen, finalak jokatzen edota finalerdietan sartzen, udan zehar ere beti finaletako ate horietan ibiltzen, konbinazioetan abantailak ematen… Estatus bat aipatzen dudanean, estatus hori irabazia izaten da. Ez da enpresak oparitutakoa.

Bigarren final honekin aurrekoa kasualitatea ez zela erakutsi nahi zenuen?
Nik ez nuen ikusten inori ezer erakutsi beharra nuenik, nik argi daukadana da, nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatu izan naizela, saiatzen naizela eta saiatuko naizela eta lan horrek ekarriko dituela bere fruituak. Nik orain arte bezalaxe jarraituko dut lanean, nire maila ahalik eta onena izateko. Ikusi dudana da, nire buruari eta jende askori erakutsi diodana da, lan on bat egiten baduzu, eta zure aukerak aprobetxatzen jakiten baduzu, gauza garrantzitsuak lortzerik badela.

Momentu onak aprobetxatu behar dira eta kantxan hazita ikusten zaitugu, zentzurik onenean.
Jendeak asko komentatzen zuena zen orain txapela atera bai, baina presio horrekin jokatzen jakingo ote nuen. Komentario normalak dira eta posible da gainera, kasu batzuetan, txapel eta elastiko gorri horrek jendeari presioa sartzea, baina nire ustez pilotariok presioa urte guztian daukagu.

Zuk baldin badaukazu estatus markatu bat, urteetan irabazi duzuna, enpresaren aldetik, kazetarien aldetik eta denon aldetik, txapelketaren batean huts bat edo beste egitea onartzen zaizu, normala den bezala. Baina baldin bazara orain arte ni izan naizen bezalakoa; hau da, txapelketa garrantzitsuetan zure lekua airean dagoena, nik nire buruari ere presio dezente sartu izan diot banekielako oso zaila zegoela txapelketa horietan jokatzea eta ikusten nuelako gauzak oso ondo egin behar nituela frontoian, partida asko irabazi, maila oso ona izan eta gauza asko erakutsi, lehiakortasuna oso handia zelako.

Alde horretatik Jokin Altuna eta zure prozesuak oso desberdinak izan dira. Zuk denbora gehiago behar izan duzu, baina normalena horrek behar luke, ala?
Bai, erabat ados, garbi dagena da nire estiloko pilotari gehiago egon direla historian zehar eta nik uste gerora ere hala izango direla. Uste dut normalagoa dela maila onenera 25, 26, 27 urterekin heltzea eta orduan hastea txapelen borrokan. Arraroa dena da, eta asko baloratu behar da, Jokin bezalako pilotari batek, 24 urterekin, zortzigarren finala jokatzea. Irribarriaren kasuan 19 urterekin Buruz buruko txapela irabaztea ere ikaragarria izan zen. Nolanahi ere, beti esaten den bezala, kirolari bakoitzak bere ibilbidea izaten du, bere heldutasunera une desberdinetan heltzen da eta uste dut nire kasua Josebarenarekin [Ezkurdia] alderagarriagoa dela. Egia da Joseba lehenagotik hasi zela Binakako txapelketa jokatzen, udako torneo eta estelarrak jokatzen. Nik izan dudan ibilbidearekin oso gustura nago.

Ez dakit zergatik izan zen, baina finala galduta oso jota ikusi nuen [Altuna]. Kosta egin zaio, baina buelta eman dio eta nik uste lehen baino arriskutsuago dagoela orain

Jokinek kolpe handia eraman zuen finala galduta.
Bai, egia esan, kolpe handia izan zen. Ez dakit ondo zergatik izan zen, elkarrekin daukagun erlazioarengatik, hirugarren finala jarraian galdu zuelako edo zergatik, baina oso jota ikusi nuen. Gero hurrengo asteetan ere elkarrekin ordu asko sartu ditugu eta ikusi dut kosta egin zaiola erremontatzea. Lau eta Erdirako pilotalekuko entrenamenduak ere elkarrekin egiten aritu gara eta aurrenekoetan asko kosta zitzaion, baina buelta eman dio eta nik uste lehen baino arriskutsuago dagoela orain.

Etorri da bere onera orduan?
Bai, zalantzarik ez. Gaur goizean lan fisikoa elkarrekin egiten aritu gara eta azkenean dolu prozesu hori pasa duela esango nuke. Lehen astean gaizki pasa zuen eta nik uste gainera egora honetan halako gauzei buelta ematea zailagoa dala. Orain etxean pasatzen diren ordu horiek ere gehiago dira, buruari bueltak emateko denbora gehiago daukazu eta, horregatik agian, buelta ematea gehiago kosta izan zaio. Dena den, luze eta zabal hitz egin genuen finala bukatu eta hurrengo astean eta, egia esan, poza ematen dit bere onera etorri dela ikusteak.

Finala eta geroko lehen entrenamendu hori noalakoa izan zen?
Kotxetik irten, elkar besarkatu ginen, normal-normal, berriz ere zoriondu ninduen eta lanera. Garbi geneukan aste horretan bertan ez, baina hurrengoan beste txapelketa bat hasten zela eta ahalik eta azkarren txapelketa hau prestatu beharra zegoen berriz ere, zorionez, finalean topo egiteko.