INFO

EAEko hamaika herritan ostalaritza itxita egongo da gutxienez urte berrira arte

Lakuak ebatzi du Gipuzkoako hamar herrik eta Bizkaiko beste batek ostalaritza itxita mantendu beharko dutela gutxienez urtarrilaren 1era arte.

Terraza bat, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

EAEko 11 herrik, horietako 10 Gipuzkoakoak eta bat Bizkaikoa, itxita eduki beharko dute ostalaritza urtarrilaren 1era arte, covid-19aren egoera epidemiologikoagatik.

Itziar Larizgoitia Lakuako Osasun Publikoko eta Mendekotasunen zuzendariak ebazpen bat eman du astelehen honetan, egoera epidemiologikoagatik ostalaritza irekitzea debekatzen duten udalerrien zerrenda jasotzen duena.

Asteartean sartuko da indarrean, eta ostegunean, hilaren 31n, urtezahar egunean, egoera berrikusiko da txosten baten bidez. Urteko lehen egunean sartuko da indarrean txostenaren ebazpena, eta egun horretan irekiko dute ostalaritza egoera epidemiologikoak ahalbidetzen badu.

Neurri honen eraginpeko Gipuzkoako 10 herriak Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain eta Ordizia dira, 5.000 biztanletik gorakoak guztiak, baita Errezil, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Segura eta Zaldibiako udalerri txikiagoak ere.

Ostalaritza itxi behar duen Bizkaiko udalerri bakarra Arrigorriaga da. Herri horretako ostalariek, protesta gisa, BI-625 errepidea blokeatu dute eguerdian, beren taberna eta jatetxeak ireki ditzatela aldarrikatzeko.

Ebazpen berriak erakusten duenez, joan den ostegunetik (Gabon-gaua) neurri horren eraginpean zeuden zazpi udalerri handietatik seik beren taberna eta jatetxeak itxita eduki beharko dituzte, Azkoitiak izan ezik, hura zerrendatik atera baita.

5.000 biztanletik beherako herriei dagokienez, Arabako lau herritan baliogabetu da debekua: Aramaion, Iruña Okan, Zigoitian eta Zuian.

Gipuzkoan, Segura eta Zaldibia ostalaritza ixtera behartzen duen zerrendako herri txikien artean daude, eta lurraldeko beste hiru udalerri batu zaizkie: Errezil, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga.

Herrialde horretako ostalariek sinadura bilketa hasi dute erakundeei erreskate plan bat exijitzeko.