INFO

Ume errefuxiatuen alde, Kikarakada betetzeko azken tantak

Kikarakada Galder Izagirre argazkilari eta musikariak, Gaizka Izagirre kazetariak eta Oraitz Garcia Zaporeak elkarteko kideak bultzatu duten ekimena izan da. Helburua Greziako Lesbos uhartean dauden haur errefuxiatuen hezkuntzan laguntzea da. Egitasmoa amaitzera doa.

Lesboseko haur baten irudia, Kikarakada liburuan bildu denetako bat. (Galder IZAGIRRE)

Iazko azaroan hasita, elkartasuna, sukaldaritza eta arteak uztartuz, ume errefuxiatuen hezkuntzan laguntzeko materiala biltzeko Euskal Herrian ekimen desberdinak egin dituzte. Gauza guztiekin gertatu den bezala, pandemiak zeuzkaten planak txikitu zituen, baina errefuxiatuen zauria zabalik dago, haur horien egoera ez da hobetu eta laguntza ezinbestekoa da. Horregatik, kanpainaren helburuak bete eta ixteko asmoa azaldu dute.

Proiektua martxan jarri zenetik Mediterraneoa zeharkatu eta greziar irletara heltzen diren errefuxiatuen egoerak okerrera egin duela ikusten dute.

Kikarakadaren bultzatzaileek azaltzen dutenez, koronabirusaren ondorioz «mugimendu askatasuna zein asilo eskaerak murriztu egin zaizkie iheslariei, errefuxiatu zelai asko berrogeialdian dituzte».

Honez gain, talde faxistek kolektibo hauen aurkako jarrera gogortu dutela salatzen dute. Komunikabiden agenda ere aldatu da, fokoa uharteetan bizi den egoeratik aldenduz, «hildakorik ez dagoela sinistarazteraino».

Gainera, Lesbos uhartean, Moriako errefuxiatuen kanpamentua suak txikitu zuela gogoratzen dute, «13.000 errefuxiatutik gora kale gorrian utziz».

Pandemia dela medio, Euskal Herrian kanpainarekin aurrera egitea ez da erraza izan. Azken txanpan sartzera zihoazenean konfinamendua heldu zen, eta ordutik prest zituzten zenbait gauza bertan behera geratu dira.

Adibidez, denari amaiera emateko buruan zuten jaialdia. Beste zenbait gauza, ordea, aurrera joan dira. Nola ez, Euskal Herriko eta Lesboseko umeak txokolatea hartzen erakusten duen argazki-liburua argitaratu da.

Galder Izagirre da argazkien egilea, eta horiekin batera euskal musikarien, kazetarien eta idazleen testuak azaltzen dira. Baita sukaldari ospetsuen errezetak ere, txokolatez egindako errezetak, zenbait oso erraza eta beste zenbait konplexuagoak.

Denbora honetan, Elkarren «salbamendu txalekoen» irudia izan nahi zuten kikara laranjak saldu dira, eta orain txuriak daude salgai, errefuxiatuek eta bereziki umeek behar duten esperantza irudikatzeko asmoz.

Kanpaina amaitzera doa eta uharteetan martxan diren hiru proiektu zehatz babestu nahi dituzte. Alde batetik, Lesbos uharteko Moriako errefuxiatu gunean Tolou elkarteak sortu duen eskola eraikitzen eta materialez hornitzen lagundu nahi dute. Moriako suntsitzearen ondoren, proiektua zertan den ari dira aztertzen.

Honekin batera, Lesboseko ‘Stand by me’ hezkuntza proiektuaren berreraikitzean laguntza eman nahi dute, hau ere errea eta suntsitua izan baitzen.

Amaitzeko, Samos eta Chios uharteetan lan egiten duen Action for Education elkartearekin elkarlanean ari dira, bi uharteetan dituzten hezkuntza proiektuetarako materiala lortuz.

Jakina, asmoa materiala lehenbailehen bideratzea da. Pandemiaren baldintzen arabera egingo dute, ordea, segurtasuna lehenetsiz eta proiektuen beharrak errespetatuz.