INFO

Eskirozen itzulera ekarriko du gaur aurkeztu den Promozio mailako Binakako Txapelketak

Baikok abuztuan enpresatik kanpo utzi eta, pilotarien presioaren eraginez, urte berrirako berriz kontratua egin ostean, ostiralean jokatuko du Larrazabalekin Arteaga eta Elizegiren kontra.

Aurkezpenean izan diren pilotariak, Bilboko pilotalekuan (BAIKO)

Egun bat lehenago maila nagusikoarekin egin bezalatsu, Promozio mailako Binakako Txapelketa gaur aurkeztu dute Aspek eta Baikok Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Zortzi bikotek hartuko dute parte: Zubizarreta III.a-Uriondo, Arteaga II.a-Elizegi, Alberdi-Salaverri II.a eta Larrazabal-Eskiroz Baikoren aldetik; Elordi-Garmendia, Salaberria-O. Etxebarria, Egiguren V.a-Ruiz eta Zabala-Erostarbe Aspek aurkezten dituenak.

Izen aipagarriena Iosu Eskirozena da. Baikok abuztuan enpresatik kanpo utzi ondoren, pilotarien presioaren eraginez azaroaren erdialdera jakinarazi zuen Bilboko enpresak atzelari nafarrari berriz ere kontratua egingo ziola urte berriarekin batera jokatzen hasteko. Halaxe izan da, eta urte berri egunean bertan jokatuko du Eibarren Arteaga eta Elizegiren kontra.

Bestalde, Baikok jakinarazi du Endika Uriondo atzelari debutatu berriak positibo eman duela Covid-19an eta, beraz, hamar egunez itxialdian egon beharko duela, jokatu eta entrenatu gabe. Astelehenean jokatu behar zuen Irunen Alberdi eta Salaverriren kontra, baina ordezkoa ez dute jakinarazi oraindik.

Lehiaketa sistema maila nagusiko txapelketaren berdina izango da: zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi izango dituen sailkapen ligaxkan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Jai egunik egon ezean, lau pilota jaialdi izango dira asteburuero ostiraletik astelehenera, eta finala maiatzaren 8an jokatuko da.