INFO
Entrevue
Pilar Mendia
Satse erizainen sindikatuko lehendakaria

«LABI aholkularitza batzordeak bere buruari tranpak egiten dizkio»

Inoizko urterik latzena izan da osasun langileentzat. Muturreko egoera, ez nahi bezain ezaguna eta baliabide aldetik justu. «Annus horribilis», zalantzarik gabe.

Pilar Mendia. (Jon URBE/FOKU)

Lehen olatuko balkoietako txaloak hoztu zaizkie osasun langileei. Balkoiak hustu dira, baina ez erietxeetako oheak. Sekulako presiopean segitzen dute lanean, askotan behar dituzten baliabideak eskas dituztela.

Nola definituko zenuke 2020. urtea?

Osasungintzako langileentzat annus horribilis izan da zalantzarik gabe. Otsailean hasi ginen, koronabirusa gure artean zegoela konturatu ginenean. Oraindik ez dut ulertzen nola pentsatu genuen birusa ez zela gure herrira iritsiko. Harrituta ikusten genituen Txinako erizainen irudiak; Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE) jantzita, ilea larru-arras moztuta, ekipamendua jantzita lurrean eserita atseden hartzen… Telebistan irudi horiek ikusi eta zur eta lur geratzen ginen.

Martxoaren 19a egun latza izan zen, gure lankide baten heriotzaren berriarekin esnatu baikinen. Bizkaiko erizainaren heriotza kolpe latza izan zen, nahiz eta espero izatekoa zen. Une oso gogorrak izan ziren, erabat babesik gabe ari ginen lanean, ez geneukan ekipamendu egokirik eta protokoloak etengabe moldatzen ziren, une horretan zeuden baliabideen arabera. Lanera joatearen ziurgabetasuna sekulakoa zen, kutsatzeko arriskua hor zegoen, bai osasun langileak eta bai gure ingurukoak. Oso hilabete txarrak izan ziren, bai fisikoki eta bai emozionalki. Erabat pazientearen arretari begira egon beharrean, ez kutsatzeko beldurrez lan egin behar izatea oso gogorra da. Presio ikaragarria genuen. Erizainentzat tratamendu psikologikoa eskatu genuen eta baita lotarako tokia ere, beren etxera bueltatu nahi ez zutenentzat, senitartekoak ez zituztelako arriskuan jarri nahi.

Baina lehen olatuan batez ere baliabideak eskatu genituen; Norbera Babesteko Ekipamenduak, FPP2 motako musukoak, uniforme gehiago, etxeetara lanera joateko autoak… Kanpotik ikusten ez diren egoera oso latzak bizi izan genituen. Lehen arretako erizainei etxeetara PCR probak egitera joaten zirenean beren autoetan joateko agintzen zien Osakidetzak. Baina nola egingo zuten hori? Eta gero auto horretan bertan haurren bila ikastolara joan? Osasun langileok Osakidetzaren aldetik gure lana beharrezko eta oinarrizko babes neurririk gabe egiteko sekulako presioa jasan dugu.

Oso gogorra da ZIUn dagoen paziente bati sedatu egingo dutela esatea. Paziente hori telefono baten bitartez bere sendiaz agurtzen ikustea izugarria da. Zenbat kasu jasan ditzake erizain batek?

Inprobisazio dezente.

Bai, sekulako inprobisazioa. Osakidetzak ez zituen gure galderak eta zalantzak erantzuten eta gotortu egiten zen, neurri handi batean ez zituelako egoerari erantzuteko beharrezko baliabideak, ez langileak, ez eta baliabide materialak ere. Inprobisazioa eta baliabide falta, hori zen arazoa.

Eta bigarren olatuak nola harrapatu gintuen?

Bigarren olatua etorri zen konfinamendua arintzea desastre hutsa izan zelako. Azkarregi eman zen. Ikuspuntu ekonomikoa gailendu zen –ez dut esango garrantzitsua ez denik– eta esaten den bezala, nolako kanpaia halako soinua. Ekonomikoki burua pixka bat altxatzeko, arintzea ez zen ondo egin. Baina orain bizitzen ari garen arintzea uztailekoa baino okerragoa da. LABI aholkularitza batzordeak bere buruari tranpak egiten dizkio. Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak (ECDC) oso irizpide zehatzak finkatzen ditu. Une oro ari gara entzuten 100.000 biztanleko 500 positiboren langaren berri eta zenbaki hori ez da agertzen ECDCren irizpideetan. Zenbaki hori Ayusok asmatu zuen Madrilgo Gobernuarekin izan zuen negoziazioetan eta gainontzeko erkidegoetako gobernuek ontzat eman dute. Hasteko, ECDCren arabera, arintzea abiatzeko ezingo genituzke 100.000 biztanleko 250 positibo baino gehiago eduki. Eta hemen positiboen bikoitza aipatzen da. Europako irizpideek %4ko positibo tasa finkatzen dute. Erietxeetan covid-19agatik ematen den oheen okupazio maila eta ZIUetan ematen dena ere begiratu behar dira. Eta hor berriz tranpa egiten dute. Ez ditugu zainketa intentsiboetako 600 ohe. Nik errotulu bat hartu, gune batean jarri eta esan dezaket: ohe hauek zainketa intentsiboetakoak dira. Ados. Eta baditugu baliabide materialak eta profesionalak horretarako? Zainketa intentsiboetan espezializatutako osasun langileak izan behar ditugu. Ez da egia zainketa intentsiboetako 600 ohe ditugunik. LABIk tranpak egiten dizkio bere buruari, Europak finkatzen dituen baldintzak ez dira betetzen orain egiten ari garen arintzerako. Maiatza-ekainean genituen datuak orain ditugunak baino askoz hobeak ziren eta, hala ere, arintzea desastre bat izan zen. Oraingoa are arriskutsuagoa izango da.

Hirugarren olatuaren zain zaudete, beraz.

Bai, Gabonak bukatu eta hamabost bat egunera hirugarren olatuan egongo garela uste dut. Nahiago nuke nahastuko banintz, baina ez dut uste.

Birus konplexua da. Ezezaguna eta arriskutsua.

Bai, oso birus arriskutsua da. Osasun langileak erietxean ikusten duguna oso gogorra da. Badira birusa pasatu eta hiru hilabetera oraindik sintomak dituzten pazienteak. Eta birus arriskutsua da, era berean, sortzen ari den egoeragatik. Covid-19aren ondorioz bestelako eritasun batzuk artatu gabe geratzen ari dira, ez dagoelako baliabide nahikorik denak artatzeko. Horrez gain, herritarrei beldurra ematen die erietxera joateak eta ondorioak bistakoak izaten ari dira; bihotzekoak eta iktusak berandu iristen dira, beste gaixotasun batzuk tarteko jendea hiltzen ari da… Birus honek airean jarri du osasun sistema osoa.

Pandemiak arazo berriak sortu ditu eta lehendik zeudenak bistara atera?

Bietatik izan dela esango nuke. Bistakoa da baliabideak eta plantillak errealitate baterako prestatuta zeudela eta, orain, errealitate berri honekin, berriz dimentsionatu behar direla. Lehen dagoeneko estu genbiltzan, murrizketa garrantzitsuak izan direlako osasungintzan, eta egoera honen ondorioz sistemari zulo guztiak ikusi zaizkio. Egoerari lehenbailehen erantzun behar zaio, bestela azkenean sistema hautsi egingo da handik edo hemendik.

Itxialdian txalo ugari jaso zenituzten balkoietatik. Baina oraintxe Osakidetzarekin negoziazio betean ari zarete eta ez da txalorik sumatzen.

Ez, ez da txalorik entzuten, ez Osakidetzaren aldetik ezta herritarren aldetik ere. Batetik, herritarren parte batek arauak hausten eta parrandan jarraitzen du –oso parte txikia zorionez– eta beste parte batek pentsatzen du lehen arreta ez dela lanean ari –eta lankideak ezin iritsi ari dira– . Horrez gain, ezin gara txaloetatik bizi eta Osakidetza bere langileak zukutu eta zukutu ari da. Sekulako presioa egiten die langileei eta trukean ez du ezer ematen. Une honetan, adibidez, borroka bizian ari gara herrietan test masiboak egiten ari diren lankideek jantzi polarrak izan ditzaten. Karpa horietan sekulako hotza pasatzen ari dira erizainak eta Osakidetzak ez du lanerako ekipamendu egokirik ematen. Herritar batzuei akaso tontakeria bat irudituko zaie, baina lanean sekulako presioa daukazunean, egoera hain muturrekoa denean, etsigarria da jantzi polar bat edo FFP2 musuko bat izateko borrokan aritu beharra.

Erietxeetan erizainek ez dute FFP2 musukorik erabiltzen, bakarrik covid-19arekin lanean ari direnak. Baina covid-19a duen paziente bat edozein tokitan azaldu daiteke eta gertatzen ari da; belaunean lesio bat duelako ospitaleratu den paziente batek positibo eman dezake. Eta erizainak kirurgia musuko batekin artatu du. Osasun langileak sentitzen dute Osakidetzak erabat abandonatu dituela, ez baititu jartzen beren lanerako behar dituzten gutxieneko baliabideak.

Eta hori guztia fisikoki eta emozionalki oso nekatuta dagoen plantilla batekin.

Erizain batek zenbat hildako jasan ditzake emozionalki? Gu ohituta gaude gaixotasunarekin eta heriotzarekin lan egiten. Bizitzaren alderik itsusiena ezagutzen dugu gure lanbidean. Baina hori eguna joan eta eguna etorri oso gogorra da. Oso gogorra da pazienteak bakarrik daudelako eta osasun langileak direlako kanpoko munduarekin eta senideekin daukaten lotura bakarra. Oso gogorra da erietxeko gela batean dagoen pazienteari ZIUra eraman behar duzula esatea. Begirada horiek. Oso gogorra da ZIUn dagoen paziente bati sedatu egingo dutela esatea. Paziente hori telefono baten bitartez bere sendiaz agurtzen ikustea izugarria da. Zenbat kasu jasan ditzake erizain batek? Zenbat dira onargarriak profesional batentzat?

Nola iritsiko dira osasun langileak hirugarren olatura?

Leher eginda, bai fisikoki eta bai emozionalki. Osasun langile guztiak argi eta garbi ikusten ari gara hirugarren olatua ikaragarria izango dela. Maiatzean datu hobeekin arintzearen ondorioa izugarri txarra izan bazen, orain datuak askoz okerragoak direnean, zer espero behar dugu? Urtezaharretik edo Errege egunetik hamabost egunera, ea nola gauden. Herritar guztiek dugu ardura eta erantzukizuna, baina erabakiak hartu behar dituen gobernuak, herritarren osasuna zaindu behar duenak, mahuka zabala duenean... kontuz. Nik Gabonak etxean pasatuko ditu, seme-alabekin eta amarekin. Amarekin eta alabarekin familia unitate bakarra osatzen dugu eta semeak proba bat egin beharko du 24an etxera etorri baino lehen.