Emaitza bolada onean jarraitu nahi luke Araskik; txarra behingoz eten Gernika Bizkaiak
Gasteiztarrek Roberto Iñiguez herrikidearen Perfumerias Avenida garaiezina jasoko dute Mendizorrotzan eguerdian. Ensinoren aurka, Lugon jokatuko dute Mario Lopezenek 18.00etan hasita, azkeneko hiru porrotak ahaztu eta Emakumen Endesa Ligako laugarren postura itzultzeko nahiarekin.
Saskibaloia, beste edozein kirol jarduearen antzera bolada kontua da, edo kapritxoz aldatzen den zorte kontua ere bai zenbaitetan. Igandean ez da IDK Euskotrenen partidarik izango, Campus Promete talde errioxarrak covid-19 kasu batekin harremana izan baitu Estudiantesen aurka jokatu zuen azkenengo partidan. Aldiz, Araskik eta Gernika Bizkaiak bai jokatuko dute igande honetan. Gasteiztarrek 12.10etan hasita, eta ETBk zuzenean eskainita, Perfumerias Avenida hartuko du Mendizorrotzan. Arratsaldean, 18.00etatik aurrera, gernikarrek Lugon, Ensinoren kantxan jokatuko dute.
Bolada ezinhoberik inork badarama Perfumerias Avenida taldea da hori. Salamancakoek orain arte Emakumeen Endesa Ligan jokaturiko partida guztiak; 18tik 18, alegia, irabazi dituzte. Aurreko urteekiko indarra galdu duela eta, itxaropenik piztu bazen sasoiaren hasieran, bistakoa da Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak zuzentzen duen taldeak ez duela halako itxurarik. Egia da, bai, asko kostata irabazi ziola Valentzia Basketi, baina ia partida guztietan airean eraman ditu arerioak.
Zorionez, Kutxabank Araski bera ere mementorik onenean dago, azken bost partidak irabazi baititu. Kopatik at geratu bazen ere, aurreneko zortziretan burua sartu ahal izan du bigarren itzulia hasi eta berehala. Horrez gain, Valeriya Berezhynska hegal-pibot ukrainiarra iristearekin batera, jokoa asko hobetu dute Madelen Urietarenek. Batetik, Berezhynska berak ematen dituen aukerak direla medio, bestetik, Joy Adamsek, barruko jokotik aldentzeko aukera sortu zaionez geroztik, askoz maila hobea eman duelako.
Ondorioz, gasteiztarrek zeresanik izango dite igande eguerdian, nahiz eta aurkaria erasoko talderik onena den, batez beste 80 puntu sartzen baititu, eta bigarren defentsarik onena. Betebeharra zaila badu ere, ez du galtzekorik etxeko taldeak, eta horri etekina ateratzen ahaleginduko dira Madelen Urietarenak.
Laugarren postuaren bila
Azken hiru neurketak galtzetik dator Lointek Gernika Bizkaia: Valentzia Basket eta Girona indartsuen aurka Malosten eta Bembibre ahularen kontra etxetik kanpo. Ondorioz, 18.00etatik aurrera Lugon Ensinoren aurka jokatu behar duen partida ez da erraza izango, ezta gutxiagorik ere.
Batetik, Malostetik kanpo jaurtikeketan askoz antzuago ibiltzen dira gernikarrak, baina argi izan behar da joan den jardunaldian 16 hirukotik 3 baino ez zituztela gauzatu Mario Lopezenek. Horrez gain, Ensino Emakumeen Ligako zortzigarren sailkatua da, IDK Euskotren edo Araskiren aurkari zuzena playoffetan sartzeko lehia estuan. esaterako, Josean gascan, Donostian, urabaztetik dator: 87-89 luzapenean, azken minitura 73-66 galtzen iritsi ostean. Egun hartan Vega Gimeno hegalekoak 18 puntu egin zituen, horietatik asko azken minutu malapartatu hartan eta baita luzapen denboran ere.
Gernikarrek ere ez dute zortzigarren postu horri begira egon nahi. Bolada txarrean sartu aurretxoan laugarren posturaino igo ziren eta haraxe itzultzea dute xede Mario Lopezenek. Ondorioz, aurkari zuzen izan litekeen bat gainditu eta bien arteko averagea gernikarren alde jartzen ahaleginduko dira.