INFO
Entrevue
Leire Berasaluze
Kriminologoa

«Lan esplotazioa helburu duen gizakien salerosketa uste baino hedatuago dago»

XXI. mendeko esklabotza deitu dio Leire Beresaluzek lan esplotazioa helburu duen gizakien salerosketari, eta hori ikertu du doktore tesian EHUko Kriminologiako lehen promozioko ikasleak. Praktika uste baino zabalduago dagoela eta Euskal Herria «sarrera» dela kontatu digu.

Iñigo URIZ | FOKU

Abenduan, Polizia espainolak hamabi lagun atxilotu zituen Sevillan, jatorri nikaraguarreko hamabi emakume etxeko langile gisa jardutera behartzen zituen antolakunde kriminaleko kideak izatea leporatuta. Biktimei Pariserako eta handik Bilborako hegazkin txartela ematen zieten baita mila euro ere, muga turista gisa gurutzatzeko. Euskal Herrira heltzean, dirua kendu eta Sevillara eramaten zituzten.

Etxeetan lan egitera behartuta, atsedenerako zituzten egun gutxietan beste hamabost neskarekin partekatu behar zuten logela. Albisteetan agertu den gizakien salerosketarekin lotutako azken kasuetako bat da, baina ez da gertaera isolatu bat. Leire Berasaluzek gaian sakontzen duen ikerketa egin du bere doktore tesian. Gizakien salerosketa aipatzean sexu esplotazioa da burura datorren lehen gauza, baina trafiko horren atzean askoz gehiago dagoela kontatu digu Berasaluzek elkarrizketa honetan.

Gizakien salerosketa diogunean, zertaz ari gara?

Guztia sexu esplotazioaren arloan zentratu izan bada ere, nik beti defendatu dut salerosketa ez dela soilik sexuala, modalitate asko dituela. Horregatik, nire ahalegin politikoa, ikerketa arlokoa eta teorikoa horretara bideratu dut, eta horren erakusgarri izan da orain Gipuzkoan salerosketaren intzidentzia aztertzeko egin dudan ikerketa ere. Tesia aurkeztu nahi nuen lan arloko esplotazioan zentratuta, zeren nire ustez, sexu esplotazioa bezala, hori ere esklabotza da. 1926an legezko praktika debekatu arren, esango dugu fenomeno analogoa dela, XXI. mendeko esklabotza fenomeno bat.

Emakumeen salerosketaz ari gara, nagusiki.

Nagusiki emakumeez ari gara, eta atentzioa jarri nahi izan dut etxean lanean ari diren emakumeen esplotazioan.

Gizakien salerosketen errealitate horretan delitu ezberdinak daude. Zer lanetara bideratzen dituzte biktimak?

Asko sexu esplotaziora, argi eta garbi; baina neskatila adingabe eta emakume asko etxeetara eramaten dituzte, garbiketarako, zaintzarako, baita ehungintzako lantegi klandestinoetan lan egiteko –batez ere Txinatik datozen biktimen kasuan–, ostalaritzan jarduteko... Badira, halaber, gizonezko biktimak lan arloan, batez ere obra lanetan, eta mahats bilketan, emakumeekin batera.

Euskal Herrian bertan aurkitu daitezke orain?

Datuak teorikoki estrapolatuak dira, zeren Gipuzkoako Diputazioarentzat egin dudan lan bati esker ikusi dut gure gizartean ez dela aztertzen. Hau da, Ertzaintzak, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta politikariek gizarteari bidaltzen dioten mezua da salerosketa sexu esplotazioa dela; beraz, ez dago lan arloko esplotazioarekiko kontzientzia sozial bat. Euskal Herrian oso gutxi aurkitu dituzte, baina Espainia mailan, eta batez ere Madrilen eta Bartzelonan, kasu dezente aurkitu dituzte etxeko zerbitzuetako lan esplotazioarekin lotuak.

 

Zer dakigu biktimez, nortzuk dira eta zergatik bideratzen dira etxerako lanetara eta ez sexu esplotaziora?

Pentsa dezakegu diru gehiago ematen duela sexu esplotazioak, baina agian umeak badituzte klub batean aritzea edo kalean prostituzioan jardutea konplikatuagoa da. Mafia horiek hartzen dituzte batez ere Paraguai, Nikaragua, Dominikar Errepublika eta Kolonbiako emakumeak. Orain arte zegoen susmoa zen esplotaziora bideratutako biktimek ez zutela Espainiara iristeko beste biderik. Immigrazioak baditu ibilbide batzuk eta ohitura batzuk; hemen, adibidez, Nikaraguako komunitate handia dago. Pentsatzen zen ez zegoela immigrazio tradiziorik esplotatuak izango diren biktima horien herrialdeen eta Espainiaren artean, baina egiaztatu da badagoela eta hori baliatuta engainatzen dituztela. Finean haien komunitateetako kide asko dago Espainian lanean etxeko zerbitzuetan, eta mafia batek etekina atera nahi duenean, horrekin engainatzen ditu. Adingabeen kasuan, adibidez, gehiagotan da salerosketa: gurasoek ordaintzen dute diru pilo bat umeak ikas dezan eta abar, eta azkenean horrelako sare batean bukatzen du, baina helduen kasuan engainua erabiltzen da, migrazio tradizioa baliatzen da iruzur egiteko.

Zelan funtzionatzen dute mafiek emakumeak etxeetan lanean jartzeko?

Salerosketa eta emigrazioa eskutik datoz, beraien egoera hobetu nahi duten pertsonak dira eta oso merkatu erreza da tratanteentzako, zeren biktimak zuzenean joaten dira haiengana; sarri, egunkarietan edo bidaia agentzietan egoten dira sare horietan sartzeko engainuak, baina kaptazioa askotan oso erreza da. Batzuetan beren komunitateko pertsona baten bidez: esaten die nork eramango dituen Espainiara eta ondoren batzuetan kontratu faltsu bat dago edo promesa hutsak, besterik gabe. Askotan sare horiek dirua uzten diete herrialdetik ateratzeko, hegazkina ordaintzeko 1.500 esaterako. Hori bai, Espainiara iristen diren unean norbait zain dago Bilbon, Barajasen edo Bartzelonan, dokumentazioa kentzen diete, dirua… Eta esaten diete zor bat dutela tratante talde horrekin, eta zor hori kitatu arte lan egin behar dutela haiek esaten dieten lekuan.

Langile hori dagoen etxean gerta daiteke horren atzean zer dagoen ez jakitea.

Gerta daiteke, bai. Argitara atera diren kasu batzuetan bazekiten. Abuztuan, adibidez, Andaluzian aurkitu zen bikote batek zazpi pertsona zituela esklabo modura etxean eta bikoteak bazekiela. Izan ere, erositako pertsonak ziren.

Aipatu duzunez, ez dago zigor epai asko, zergatik?

Ikusi ahal izan dudanagatik, salerosketaren arloko ikerketak ez direlako lan esplotaziora bideratzen. Bestalde, tipo penalari dagokionez, 177 bis artikuluak xedatzen du salerosketa, kaptazioa engainu bidez edo biolentzia bidez, eta honako esplotazio mota hauek biltzen ditu: sexu esplotazioa, lan arlokoa, organoak ateratzera bideratua, eskaletasuna, ezkontzera behartzea edo delituak egitera behartzea. Horiek lirateke esplotazio motak. Salerosketa da pertsona bat atzematea eta engainatzea, ez da beharrezkoa esplotazioa egotea salerosketa delitua izateko, baina zer gertatzen da? Salerosketa delitu guztiak atzeman ohi dira jada esplotazioa dagoenean, eta, ondorioz, delitu pilaketa bat egon beharko litzateke. Salerosketa alde batetik zigortu beharko litzateke eta esplotazio beste alde batetik.

Askotan gertatzen da salerosketa delitua bera frogatzea oso zaila dela, hau da, zaila da frogatzea engainu bat egon dela edo noiz egin den kaptazio hori, eta hori nahitaezko baldintza da delitua izateko; hori dela eta, askotan lan arloko esplotazioa soilik zigortzen da eta diluituta geratzen dira salerosketa kasuak askoz ere zigor txikiagoa duten beste delitu horien artean.

Lan arloko esplotazioan lanaren produktibitate ekonomikorik eza eta lanen heterogeneotasuna aipatzen dituzu.

Nire hipotesiak dira. Muturreko kasuetan jarrita, beste pertsona bat erosten duzunean diru bat ordaintzen duzu, bi mila euro, bost mila... eta zure etxean sartzen da esklabo modura, horrek ez dizu ekonomikoki aberastasunik sortzen, baizik eta zerbitzu bat, hori adierazi nahi nuen; eta bestalde, esplotazioa gertatzeko erraztasunak ematen dituzte etxe batean egin daitezkeen lanek, askotarikoak baitira.

Nazioartean salerosketa kontzeptu zabalago baten barnean tratatzen da, zer esan nahi du horrek?

Salerosketarekin hamar urte daramatzagu, zeren zigor kodean 2010ean tipifikatu zen lehen aldiz delitu autonomo modura, lehen immigrazioaren aurkako delitutzat jotzen baitzen. Gauza da neurriak hartu direla, gizakien salerosketaren aurkako plan estrategikoak egin direla, baina sexu esplotazioan zentratuta egin direla; eta adibidez badago telebistan iragarki bat “con la trata no hay trato” (“ez dago traturik salerosketarekin”) leloa duena eta mezua da salerosketa sexu esplotazioa dela.

Horrek eragina du biktimak tratatzerako garaian?

Noski, bizilagun batek ikus dezake ondokoak pertsona bat daukala lanean 24 orduz, eta askotan agian ez soilik lan arloko esplotazioa pairatzen, baizik eta sexuala ere. Bizilagun batek atzeman dezake zerbait arraroa gertatzen ari dela ondoko etxean, baina ez baldin badaki fenomenoa zein den agian ez du salatuko.

 Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egin duzun ikerketa gizakien salerosketaren gainekoa da?

Oraindik ezin ditugu datuak eman, baina Euskal Institutu Kriminologikoarekin hiru lankideren artean Gipuzkoan salerosketak zer intzidentzia duen aztertu eta diagnosi bat egin dugu Gipuzkoak behar dituen neurriekin... Azkenean, Gipuzkoa garrantzitsua da Espainiari dagokionez, sarrera bat delako. Hori ikerketan esan dugu baina badago datu ofizialetan ere. Ukrainatik, Errumaniatik eta beste herrialde batzuetatik etortzen dira biktima gehienak, eta Gipuzkoatik sartzen dira, Irundik hain zuzen ere. Beraz ate bat da eta ikerketa zentratu da aztertzen nola kontrola dezakegun, nola hobetu kasuak detektatzeko, biktimak identifikatzeko eta haiek hobeto babesteko.

Delitu horien intzidentzia pentsa zitekeena baino askoz handiagoa dela diozu, zergatik uste duzu hori?

Lan arloaz eta batez ere etxeko zerbitzuaz hitz egiten ari bagara, agian lanekoa da arlorik jorratuena, baina epailearen baimen bat behar duzu etxe batean ikuskapen bat egiteko. Ez da gauza bera lan arloko ikuskari bat taberna batera joatea eta paperak eskatzea, taberna horretan jendeak zein kontratu mota dituen ikusteko, edo hori bera etxe batean egitea. Etxe batean oso zaila da. Ikuskaria joan daiteke, noski, joko du atea baina jabeak atea ireki nahi ez badio ez dio irekiko eta etxe horretan delitu bat egiten ari den zantzu potolorik ez badago ez du etxe horretan sartzeko eta ikuskatzeko behar duen epailearen baimena edukiko. Horregatik, oso babestutako sare bat da.