INFO

Putinek Karabakh Garaiko gerran etsaiburuak elkartu ditu Moskun

Karabakh Garaiko Sei Asteko gerra amaitu zen baina bertan bizi diren armeniar askok erdi isolatuta jarraitzen dute. Errusiako presidenteak su-etenaren arazoak gainditzeko Azerbaijango eta Armeniako agintariak deitu ditu Kremlinera.

Aliyev Azerbaiyaneko presidentea eta Pashinian Armeniako lehen ministroa Errusiako agintariearen aurrean. (Mijail KLIMENTYEV/AFP)

Errusiako presidenteak, Vladimir Putinek, Armeniako lehen ministroa, Nikol Pashinian, eta Azerbaijango presidentea, Ilham Aliyev, hartu ditu astelehen honetan Kremlinen Karabakh Garaiko su-etena aztertzeko eta frontea zegoen erdi-erdian bizi direnen arazoak leuntzeko.

Irailaren 27an hasi eta sei aste luze iraun zuen gerraren ondoren armeniarrek amore eman behar izan zuten Turkiaren laguntza zuzena zuen Azerbaiyango Armadaren aurrean. Azaroaren 9an bi aldeek sinatu zuten borroka etenaldiaren trukean, Bakuk hainbat eskualde berreskuratu zituen bi aldeek aldarrikatzen duten Kaukasoko lurralde malkartsu hartan.

Kremlineko maizterra banaka bildu da Azerbaijango eta Armeniako agintariekin eta Aliyev eta Pashinian buruz buru elkartzea espero da.

Aurrez beste bi alditan elkartu izan dira bi agintariak, 2019an eta iaz bertan. Baina azken gerraren ostean biltzen diren lehen aldia da.

Galtzailea eta garailea

Armeniako lehen ministroa oso ahulduta atera da krisialditik armeniarrek Karabakh Garaian eta inguruan lurraldearen %70a galdu dutelako eta horrelako argazkiak ez dio mesederik egingo. Aldiz, Azerbaijango presidentea harrotuta dago eta Aliyeven dinastia indartu egin da.

Sputnik agentziaren arabera, bileraren xedea su-etenaren nondik norakoak aztertzea da, batez ere gerra zuzenean pairatu zuten Karabakh Garaiko armeniarrengana laguntza eramateko arazoak.

Errusiak harreman onak ditu bi aldeekin eta Azerbaijanen eta Armeniaren arteko garraioaren blokeoa arintzea du helburu.

Bere bitartekaritza lanari esker su-etena lortu ondoren, Errusiak 2.000 militar bidali zituen Karabakh Garaira, printzipioz bost urtetarako, armeniarrek lau barrutietatik alde egiten zuten bitartean. Sobietar Batasuna hondoratu zenean Bakuk eta Erevanek ekin zioten gerran (1992-1994) armeniarrek irabazi eta Karabakh Garaia inguruko barruti haietan bizi zen gehiengo azeriarra etxetik egotzi zuten.

Azaroaren 9ko akordioaren arabera, bi aldeek bakoitzaren posizioetan jarraitu behar dute eta gerrako presoak eta hildakoen gorpuak trukatu behar dituzte.

Errusiako Armada indar armenien eta azeriarren arteko lerroan dago eta Karabakh Garaia eta Armenia lotzen dituen Lachingo korridorea ziurtatu behar du. Erevanek, bere aldetik, Azerbaijanen eta Najichevan errepublika autonomoaren artean lotura zuzen bat bermatu behar du. Armenia, Iran eta Turkia artean dagoen Najichevanen gehiengoa azeriarra da.