Ipar Euskal Herriko sortzaileak sustatu asmoz, EKE-Elkar beka aurkeztu dute
Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak EKE-Elkar literatura beka aurkeztu dute, «Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileek euskararen lurralde osoan ikusgarritasuna eta zabalkundea izatea» helburu.
Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak literatur beka berri bat aurkeztu dute gaur goizean Donostian, Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera bultzatzeko asmoz. Beka berriak Gazteluma beka ordezkatuko du eta bi urtean behin antolatuko da.
Joxemari Sorsek, Elkar Fundazioko lehendakariak, eta Pantxoa Etchegoinek, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, aurkeztu dute. Sorsek azaldu duenez, «euskara eta euskal kultura sustatzea» da fundazioaren helburu, «beste erakunde eta norbanakorekin elkarlanean». Eta bide horretan, «akordio hau oso garrantzitsua» dela azpimarratu du. «Beste pauso bat eman dugu beka hau bidean jarriz. Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileek euskararen lurralde osoan ikusgarritasuna eta zabalkundea izatea da».
Etchegoinek, aldiz, bekaren nondik norakoak zehaztu ditu, gogora ekarriz hau ez dela elkarrekin egiten duten lehen proiektua. «Gazteluma bera du eredu. Helburua sinplea zuen, iparraldeko idazleak euskaraz idaztera bultzatzea. Bederatzi idazlek parte hartu dute eta haien liburuak ikusi dituzte argitaratuta».
Orain, aldiz, «beste bultzada bat» eman nahi izan diote. «Iparraldeko idazleei zuzendua dago baina Euskal Herri guztira zabaltzeko», azpimarratu du. Horretarako bi urtetik behin eginen da beka eta ez du adin mugarik izanen. Bekaren irabazleak 6.000 euroko laguntza izanen du. Zehaztu dutenez, bi lagunek elkarrekin aurkezten badute lana, gutxienez batek Ipar Euskal Herrikoa izan behar du.
Aurtengo deialdia komiki edo nobela grafikoari zuzenduko diote, baina hau ere bi urtetik behin aldatuz joanen da. Bik elkarrekin egiten badute, gutxienez batek Ipar Euskal Herrikoa izan behar du.
Gaurtik hasita maiatzaren 31 arte eman daiteke izena parte hartzeko. Oinarri guztiak haien web atarian ikusi daitezke.