INFO

Ezkutuko kontuak, Miren Gorrotxategiren ‘Sotoan gordeak’ eleberri berriaren ardatza

Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak bere bigarren eleberria aurkeztu du, 'Sotoan gordeak'. ‘33 ezkil’ bezala, nobela beltzaren generoan kokatzen da eta familiako eta bikoteko sekretuak ditu protagonista.

Miren Gorrotxategik 'Sotoan gordeak' eleberria aurkeztu du. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

‘Sotoan gordeak’ eleberria aurkeztu du ostegun honetan Miren Gorrotxategi Azkune Donostiako udal liburutegian. Idazle azpeitiarraren bigarren lana da, eta 2017an ‘33 ezkil’ plazaratu ondoren, oraingoak nobela beltzaren bidetik jarraitzen du. Idazleaz gain, Itzulpengintzan lizentziaduna eta Turismoan diplomatua da Gorrotxategi, eta azken urteotan euskara irakaslea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Gorrotxategik azaldu duenez, nobelak Nora eta Alex ditu protagonista nagusi. Bikotea Bilboko Guggenheim museoan erakusketa bat ikusten ari da Norak beste garai bat gogorarazten dion zerbait ikusten duenean, eta Alexek zer gertatzen den galdetzen badio ere, Norak ez dio erantzuten. Egun berean jasoko du Norak aitaren heriotzaren albistea, eta horrek eramanen du bikotea Noraren sorterrira, Vianara. Han, Alexek Noraren iragana ikertzen hasten da, bere sekretuak zeintzuk diren jakin nahian. «Hor egiten du eztanda istorioak», ohartarazi du Gorrotxategik.

Nora eta Alexez gain, nobelan Noraren familiak protagonismo handia du, batez ere bere amak. Izan ere, eleberria hiru etapa ezberdinetan gertatzen da: 1989, 2009 eta 2019. Honek Noraren iragana hurbilagotik ezagutzen laguntzen du.

Esan bezala, Bilbon eta Vianan kokatzen da istorioa. Guggenheim museoan hasten da, izan ere protagonistak ikusten ari diren erakusketan egon zen Gorrotxategi. «Erakusketa koloretsua izan arren, eleberri beltz bat hasteko eta kontraste hori aprobetxatzeko balio zidala pentsatu nuen», azaldu du idazleak. Vianari dagokionez, Gorrotxategik esan du udak Errioxan igarotzen dituela eta paisaia hori protagonista duen istorio bat sortzeko gogoa zuela.

«Guztiok ditugu ezkutuko kontuak»

Eleberriaren izenburua ikusita asmatu daitekeen bezala, ezkutuko kontuak dira istorioaren oinarri. «Guztiok ditugu sotoan gordetzen ditugu hainbat ezkutuko gauzak, bakoitzak barruan daramatzagun alde ilunak, lotsatzen gaituztenak edo ahaztu nahi ditugunak. Eta inor ez dugu horra gonbidatzen», azaldu du idazle azpeitiarrak. «Odolezko familian eta hautatutako familian isildutakoak, hitz erdiak eta estalitakoak zurrustan aterako dira», dio Txalaparta argitaletxetik plazaratu den liburuaren sinopsiak.

Nobela beltzaren barruan kokaturik, «intriga eta misteriozkoa» dela nabarmendu du idazleak. Idatzi dituen bi liburuak genero horretakoak dira. Izan ere, Gorrotxategik azaldu duenez, 'Sotoan gordeak' eleberriak ‘33 ezkil’ liburuarekin puntu komunak ditu: «Biek dituzte jauziak denboran, eta sekretuek eta familiako kontuek garrantzi handia dute. Hala ere, eleberri berrian, kontatzeko modua egituratuagoa dago». 14 kapituluetan banatzen diren 224 orrialde ditu ‘Sotoan gordeak’, eta bertan hiru garaiak bereizten dira.

Nobela beltzak idazten jarraituko ote duen galdetuta, duela gutxi ‘Hil kanpaiak’ filmean bihurtutako ‘33 ezkil’ eleberria idatzi ostean, genero beltzak «harrapatu» egin duela onartu du idazleak. «Eroso sentitzen naiz genero honetan, hala ere ate guztiak irekita utziko ditut, denbora pixka bat itxarongo dut eta gero datorrena datorrela...»

(H)ilbeltza beka

Aurreko urtean irabazitako (H)ilbeltza bekari esker kaleratu du Gorrotxategik ‘Sotoan gordeak’. Hilbeltza Baztanen egiten den nobela beltzaren jaialdia da. Idazle azpeitiarrak beka hau irabazteak ekarri zion «aukera» azpimarratu du: «Proiektu bat hasi eta amaitzeko bultzada izan zen».