INFO

Osakidetza eta Osasunbideako langileak hasi dira txertoa jasotzen

Osasun arloko profesionalak hasi dira koronabirusaren aurkako txertoa jasotzen Hego Euskal Herrian. Nafarroan Iruñeko Refenan abiatu dute prozesua eta EAEn, aldiz, Gurutzetako ospitalean.

Osakidetzak lehen dosiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean jarri ditu. (@osakidetzaEJGV)

Nafarroa hasi da osasun arloko profesionalen txertaketarekin, zentro publiko zein pribatuetan. Iruñeko Gobernuak azaldu duenez, prozesu sistematiko eta orokorra izango da 18.000 lagunentzat, eta aldi berean hasi da Refena gunean eta Iruñerritik kanpo, beste hamar talderi esker.

Datozen asteetan, bat egingo dute osasun zentroetan garatzen ari den jarduerarekin eta adinduen kolektiboarekin. Osasun arloko prozesua «progresiboki eta lehentasunez» egingo da, birusaren aurkako borrokaren lehen lerroan dauden profesionalekin hasita, eta «alderdi logistikoak, geografikoak eta sektore askotariko eta zabaleko beste egoera batzuk kontuan hartuta». Biharko, adibidez, 1.281 hitzordu daude aurreikusita Refenan.

Horrela, immunizazioa lehen mailako arretako eta ospitaleetako profesionalek hasiko dute, bai publikoek bai pribatuek. Ondoren, zainketa intentsiboetako zerbitzuetako langileak edo, behar izanez gero, eginkizun horiek beren gain hartzen dituzten beste unitate batzuk. Talde horrek 16.000 lagun ditu dagoeneko: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua, Osasun Mentala, Nafarroako Unibertsitateko Klinika, San Juan de Dios Ospitalea eta San Miguel Klinika.

Era berean, azpikontratatutako enpresen eta ekosistema sanitario eta soziosanitarioko beste profesional batzuen, kontsultetan modu autonomoan jarduten duten langileen eta beste osasun-eragile batzuen artean dosiak emateko plangintza egiten ari da. Fase hau martxoaren 22an amaituko da.

Osakidetza Gurutzetako ospitalean hasi da

Osakidetzan, aldiz, Modernaren txertoa hasi zaie ematen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun arloko profesionalei. Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitateen zerbitzuetatik hasi dira eta gaur, Gurutzetako Ospitalekoek, Basurtokoek eta Urdulizko ospitalekoek jaso dute.

EAEk 1.400 dosi jaso zituen joan den asteazkenean, eta osasun arloko profesionalei jarriko dizkie. Datozen egunetan 700 dosi txertatuko dira, eta beste erdia botika horrek behar duen bigarren dosirako gordeko da, Pfizer-BioNtech txertoarekin gertatzen den bezala.

Gurutzetako Medikuntza Intentsiboko buru Fermin Labayenek txertatzearen garrantzia nabarmendu du eta taldeko immunitatea «lehenbailehen» eta «ahalik eta zabalen» lortzearen alde agertu da. Horretarako, esan du, populazioaren zati handi batek txertoa jaso behar du.

Ospitale bereko Gaixotasun Infekziosoen Unitateko buru Josune Goikoetxeak adierazi du txertaketak pandemiaren «lehena eta geroa» suposatuko duela.

«Txertaketa pandemian izan den gauzarik garrantzitsuenetakoa da, txertoa segurua eta eraginkorra delako eta populazioan antigorputz neutralizatzaileak sortuko dituelako. Covid-19aren hilkortasuna eta larritasuna gutxitzen ditu txertoak».

 

Martxoaren amaierara arte, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 24.900 Moderna dosi jasoko ditu bi astean behin. Botika hori kontserbatzeko ez da Pfizer-ena bezain tenperatura baxua behar eta, horregatik, Lakuako Osasun sailak Osakidetzako zentroetan gordetzea erabaki du.

Pfizer txertoak bezala, Moderna txertoak ere bi dosi behar ditu. Kasu horretan, bigarren dosia lehenengo dosia eman eta 28 egunera injektatu behar da; Pfizerrena, berriz, 21 egunera.

Txertaketa hori adinekoen egoitzetako txertaketa prozesuarekin batera egingo da, egoiliarrak zein profesionalak txertatuz.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dutenez, «txertoak ez du inolako erlaxaziorik ekarri behar». Zentzu horretan, kutsatzea eragozteko ohiko prebentzio neurriak gogoratu dituzte, hau da, distantzia soziala, kontaktuen burbuila mantentzea, eskuen higienea, musukoa erabiltzea eta espazio itxiak aireztatzea.