INFO

Europan aurrera egiteko, inoizko Gernikarik sendoenak jokatu beharko du Valentzian

Asteartetik ostiralera, lau egunetan hiru neurketari egin beharko diete aurre bizkaitarrek, eta F multzo horretako aurreneko bi postuetan sailkatzen direnek bakarrik egingo dute aurrera. Roso Buch azken orduan prest dago, baina Marta Alberdi eta Roundtreek ezingo dute Valentziako «burbuilan» jokatu.

Lointek Gernika Bizkaia, Europarantz begira. (Aritz LOIOLA / FOKU)

PCR probetan FIBAk eskatzen duen bezala emaitza negatiboa emanda, Roso Buch justuan, baina talde barruan dela, Marta Alberdi –azterketen erruz– eta Margaret Roundtree –pasaporte kontuengatik– jokatzeke direla, prest dago Lointek Gernika Bizkaia Emakumeen Eurocupean laugarren urtez parte hartzeko. Eta aurreko urteetan egindako moduan, pauso bat aurrera emateko helburuarekin aurten ere. Iaz Europari agur Valentzian esan bazion, aurten lehenengo pausoa ematea du xede Valentzian bertan.

Alabaina, aurreko urteetan ez bezala, ez dago itzuli bikoitzeko ligaxkarik, lau egunetan jokatu beharreko hiru partida baino. F multzoari loturiko laukotea sendoa da gero: batetik Estatu frantseseko bi talde: La Roche Vendee eta Carolo Basket, eta bestetik,  aurkari ezagun bat, Kopan ere bidelaguna: Emakumeen Endesa Ligako Tenerife. Hurrengo faserako aurreneko bi sailkatuak pasako dira.

«Azken aldian pilatu ditugun garaipenen ostean, gogotsu ekingo diogu Valentziako fase honi. Jokalari guztiak ez dira jokatzeko moduan izango baina ez da aitzakia», adierazi du Mario Lopez gernikarren entrenatzaileak, taldea Valentziara abiatzeko unean.

Astaeartean 15.00etan izango dute aurreneko dema bizkaitarrek, La Roche Vendeeren aurka. «Partida bakoitzak garrantzia handia izango du eta denak ere oso lehiatuak izango direlakoan nago. Aurten talde ‘luzeagoa’ eratu dugu eta hamar baliabide on ditugu jokatzeko. Beraz, nik uste jokalariek fase honek eskatzen duen maila fisikoa eman ahal izango dutela», gaineratu du entrenatzaile bizkaitarrak.

Atsedena eta lehia

Emakumeen Ligan 21 jardunaldi jokatu diren bitartean, Frantziako Ligan 10 baino ez dituzte jokatu. Hala, hilabete inguru da La Roche Vendee eta Carolo Basketek bere azken norgehiagokak jokatu zituztenetik. Ikusi egin behar hauek biek lehiaketa faltarik nozitzen duten ala ez.

Dena den, badute talenturik sobera. Esaterako, astearteko aurkaria 2017an iritsi zen elitera eta Eurocupa jokatzen ari da dagoeneko. Egia da Eva Lisec esloveniarra galdu duela, Errusiara joan baita, baina, Tiffany Clarke jamaikarrak 13,6 puntu eta 4,9 errebote pilatzen ditu. Horrez gain Ornella Bonkale 23 urteko hegalekoak 12,6 puntu y 5,1 errebote lortzen ditu.

Astearteko partidaren ostean atsedena izango du Lointek Gernika Bizkaiak eta ostegunean izango du bigarren lehia: Carolo Basketen aurka 18.00etan. Fisikoki are aurkari indartsuagoa da Charleville-Méziereseko taldea, teorian fase honetako aurkaririk zailena. Evelyn Akhator pibot nigeriarra da bere izar nagusiena, Frantziarekin Europako txapeldunorde den Endene Miyem hegal-pibota ahaztu gabe, edo Serbiarekin 2015ean Europako txapeldun izan zen Sasa Cado eskolta ere aintzat hartuta.

Ostiral gauean amaituko dute bizkaitarrek egitekoa: 21.00etatik aurrera Ciudad de La Laguna Tenerife taldea izango dute aurkari. Joan den abenduraren 12an Malosten 85-62 nagusitu ziren bizkaitarrak orduko hartan. Asia Taylorrek 23 puntu saskiratu bazituen ere, hasi eta buka nahi bezala eraman zuten Mario Lopezenek neurketa; bost jokalarik 10 puntu edo gehiago lortu zituzten, erreboteetan ez zen kolorerik izan eta 18 baloi galdu zituzten Tenerifekoek.

Baina ordutik hona Tenerife asko aldatu da: Loyd galdu arren, Farhiya Abdi hegaleko suediarra eta Krisztina Raksanyi eskolta iritsi dira, lehen baino talde sakonagoa osatuz.

Beraz, Europan aurrera pausoa eman nahi badu Gernika Bizkaiak, bere itxurarik sendoena erakutsi beharko du, eta ikusterik gura duenak, berriz, ETB4ren bidez ikusi ahal izango ditu neurketa hauek.