INFO

Guatemalako Poliziak Honduraseko etorkinen karabana kolpeka geldiarazi du

Guatemalako Poliziak eta Armadak gas negar eragilea bota eta jipoitu egin zituen igandean Honduraseko karabanan doazen milaka etorkinak, AEBetarako bidea geldiarazteko.

Guatemalako soldaduek gogor jipoitu dituzte etorkinak. (Johan ORDONEZ/AFP)

6.000 etorkin inguru Vado Hondoko herrian blokeatuta daude Chiquimulako departamenduan, Poliziak bezperan gas negar eragilearekin eta kolpeka geldiarazi ondoren.

Etorkin batzuek Poliziaren eta Armadaren errepresiotik ihes egin zuten mendi aldera, zeramaten guztia lurrean utzita. Bertako osasun langile batek zauritu asko egon direla azaldu du.

Gehienek bertan gelditzea erabaki zuten eta belaunikatu eta otoi egitea erabaki zuten karretera ertzean Poliziari pasatzen uzteko eskatuz.

Karabana 9.000 etorkin inguruk osatzen zuten ostiralean Honduraseko eta Guatemala arteko El Floridoko muga zeharkatu zutenean. Poliziak ez zuen orduan iskanbilen aurkako materialik eta errefuxiatuen uholdeak gainetik pasa zitzaizkien.

Bi egunetan 25 bat kilometro zeharkatzea lortu du karabanak Guatemalaren barnean, hiriburutik ekialdera 200 kilometrotara gelditu zuten arte.

Beste 3.000 etorkinetatik banaka batzuk, norberak bere kabuz, aurrera egitera lortu dute, baina gehienek atzera egin behar izan dute eta jaioterrira itzularazi ditu Poliziak. 1.000 inguru, hauetatik 163 haur, kamioietan eta autobusetan sartu eta mugaz bestaldera itzuli dituzte.

«Hemen daude karabana osatzen duten gehienak eta ez diegu pasatzen utziko», ohartarazi du Poliziaren arduradun batek.

Guatemalako Armadak 5.000 soldadu inguru bidali ditu herrialdeko 7 departamendutara eta milaka poliziaren laguntza du karabanaren martxa ekiditeko.

Covid-19aren aitzakia

Migrazioen Guatemalako Institutuaren zuzendariak, Guillermo Diazek, «segurtasun nazionala auzitan» dagoela ziurtatu du eta covid-19an negatibo ematen duen frogarik gabe ez dietela jarraitzen utziko ohartarazi du.

Osasun Ministerioak karabanako etorkinen artean 21 kasu atzeman direla azaldu du.

Karabana San Pedro Sula hiritik atera zen, Honduraseko hiriburu industriala zenetik. Pobreziatik eta 9 milioi biztanle dituen herrialdeak pairatzen duen indarkeriatik ihes egiten ari dira. Egoerak okerrera egin du gainera, iazko azaroan lur hartu zuten Eta eta Iota urakanen ezbeharren ondoren.

«Ez dugu ez lanik ez eta jatekorik ere; beraz, AEBetara joatea erabaki dut», azaldu du Dania Hinestrosak (23 urte) bere alabatxoarekin. Etxe baten garbiketa lanak egiten zituen gazteak 3 urteko seme bat eta 4 urteko bikiak utzi ditu Hondurasen.

Guatemalan barrena 450 kilometro inguru zeharkatu ondoren, etorkinen asmoa  hego-mendebaldean dagoen Tecun Uman mugatik Mexikora igarotzea da, Gobernu iturriek ziurtatu dutenez.

Esperantza izpiei helduta

«Bihotza apurtu zaigu irten dugunean. Ni neuk senarra eta hiru seme-alaba utzi ditut atzean», dio negarrez Jessenia Ramirezek (36 urte), Joe Biden AEBetako presidente berriak «aukeratxo bat» ematen diela sinetsi nahian.

Ez da etorkinen artean esperantza galtzen ez duen bakarra, nahiz eta AEBetatik iristen zaizkien mezuak argiak bezain bihotz gogorrak diren. «Ez galdu zuen denbora eta dirua eta ez jarri arriskuan zuen segurtasuna eta osasuna», ohartarazi die Muga zerbitzuen arduradunetakoa den Mark A. Morganek.

Donald Trump presidenteak larrialdi egoera inposatu du ostiraletik Mexikoko mugan, 2019ko otsailean lehen aldiz egin zuen moduan. Etxe Zuriak «neurri berriak» iragarri ditu gainera.

Mexikoko Gobernuak ere, ezkerrekoa izanagatik ere, «etorkinen karabanak legez kanpo sartzea galaraziko» duela ohartarazi du eta beste 500 polizia bidali ditu Guatemalako mugara.

2018ko urritik hona dozena bat karabana atera dira Hondurasetik AEBetara bidean baina guztiak geldiarazi dituzte Guatemalako, Mexikoko nahiz Estatu Batuetako indar armatuek.