Hitzak, marrazkiak eta irudimena itsasoari begira
Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 13. edizioa abian da. Borja Goitia, lehiaketaren koordinatzailea kultur tartean izan da.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Elkar Fundazioak jarri du martxan haur eta gazteei zuzenduriko Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 13. edizioa, irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin. Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko epea apirilaren 16ra bitarte egongo da zabalik. Borja Goitia da lehiaketaren koordinatzailea, eta horixe azpimarratu nahi izan digu haurren irudimenari hegalak ematea dela lehiaketaren helburu nagusia. Arrakasta itzela du lehiaketak, milaka dira urtez urte bertan parte hartzen duten haurrak. Pandemiaren eragina antzeman zuten pasa den ekitaldian, baina onerako, oraindik eta ere erantzun zabalagoa jaso baitzuten Borja Goitiak lehiaketaren koordinatzaileak kultur tartean azaldu digunez.
Lehiaketak hiru maila ditu: A maila (haur hezkuntzako 4. eta 5. mailak), B maila (lehen hezkuntzako 1. eta 2.) eta C maila (lehen hezkuntza 3. eta 4.). Aurtengo gaiak Elkanoren mundubirarekin lotura estua du, Lur Gallastegik idatzitako 'Munduari bira pastel batean' ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek; koxkorragoek, berriz, Adur Larreak sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina; eta komiki ala binetaren atalean, ordea, 'Bizitza itsasontzian' izango dute ardatz gazteek, beraien lanak sortzeko.
Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sariez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dira aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du, eta bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte hartzaileetako bat. Laboral Kutxa, Irrien Lagunak Kluba eta Elkano Fundazioa ditu bidelagun Elkar fundazioak lehiaketa honetan.