INFO

Portugalek eutanasia legeztatu du

Portugaleko Parlamentuak lagunduriko heriotza legeztatzen duen lege-proiektua onartu du, gehiengoz. Marcelo Rebelo de Sousa herrialdeko lehendakariak berretsi beharko du legea aplikatu ahal izateko.

Portugaleko Parlamentuaren artxiboko irudia. (Pedro FIUZA/ZUMA PRESS/EUROPA PRESS)

Portugaleko Legebiltzarrak lagundutako heriotza despenalizatzen duen lege-proiektua onartu du gaur, gehiengoz.

Egitasmoak aldeko 136 boto jaso ditu, 78 diputatuk aurka bozkatu dute eta lau abstentzio izan dira. Bi alderdi politiko nagusiak, Gobernuan dagoen Alderdi Sozialistak (PS) eta oposizioan dagoen Alderdi Sozial Demokratak (PSD) beren diputatuei askatasuna eman diete beren kontzientziaren arabera botoa eman dezaten. Hala, hainbat ordezkari sozialistak ez dute babestu lege-proiektua eta kontserbadore batzuek, aldiz, eutanasiaren alde bozkatu dute.

Ezkerreko Blokeak, Pertsona-Animaliak-Natura (PAN) alderdiak eta Berdeak Alderdi Ekologista (PEV) ere lagundutako heriotza legeztatzearen alde agertu dira. Beste aldean, Zentro Demokratiko Soziala (CDS), Chega ultraeskuindarra eta Alderdi Komunistak aurkako botoa eman dute, Portugaleko telebistaren arabera.

Onartutako legea «erabat anitza» da eta «beste batzuen laguntzarekin hiltzeko eguna aukeratzen duen pertsona» errespetatzen du.

Lege-proiektua Parlamentuan onartu ondoren, Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidenteak izango du azken hitza. Izan ere, berak berretsi beharko du eutanasiaren legea, aplikatu ahal izateko. Rebelo de Sousa kontserbadorea da eta katolikoa; Auzitegi Konstituzionalari bere iritzia eskatu ahal dio edo testuari betoa jarri ere bai, azken kasu honetan Parlamentuak atzera bota ahalko luke erabakia.