INFO

Lehiakortasuna berreskuratuta, bigarren puntua lortu dute Ezkurdia eta Ladis Galarzak

Joseba Ezkurdiak erasoan egindako tantoek, lau lortu ditu bi paretakoarekin, egindako hutsak ezkutatu dituzte eta Bengoetxea VI.a-Arangureni (19-22) irabazteko gai izan dira Mallabian.

Joseba Ezkurdiak erasoan egindako tantoek eman diete garaipena Aspeko bikoari. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Euren jokoak oraindik zenbait zulo agertzen ditu, baina lehen bi jardunaldietan ez bezala, Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarzak lehiakor izatea lortu dute bederen eta txapelketako bigarren puntua eskuratu dute gaur Mallabian, Oinatz Bengoetxea eta Arangureni, euren «ligako» bikoteari 19-22 irabazita. Lehen fasea gainditu ahal izateko oraindik gora egin beharko duten arren, Aspeko nafarrek balio handiko garaipena lortu dute, partidarik irabazi ezinda jarraitzen duten gaurko arerioei bi puntutako aldea ateratzen baitiete.

Material aukeraketaren hezetasunarekin izan ziren arazoak erabat konponduta, partida normaltasun osoz jokatu ahal izan da, nahiz eta frontoia apur bat irregularra izanda, pilotak zenbait bote oker ere eman dituen, partidaren erritmoari batere lagundu gabe.

Argiak eta itzalak

Aspekoei partidan sartzea apur bat gehixeago kostatu zaien arren, Bengoetxea-Aranguren 4-0 aurreratu dira, markagailua oso orekatua joan da partidako zatirik handienean. Bi bikoek euren dohainak erakutsi dituzte, bi aurrelariek oso tanto politak egin dituzte, baina gabeziak ere agerikoak izan dira. Urdinen kasuan, Ezkurdiak tanto asko egin ditu, bi paretakoarekin lau tanto ere egin ditu, baina hutsak ere, arerioak baino gehiago egin dituzte.

Atzean, Ladis Galarzak tanto on asko jokatu ditu, gehienean Arangureni bizkarra erakusteko gai izan da, baina azkenerako nahi baino kale gehiago ere bildu ditu. Baikoko bikoteari dagokionean, gehienean haizea kontra zutela jokatu behar izan dute, markagailuan atzetik eta tantoaren ekimenik gabe, baina partidari eusteko gai izan dira euren defentsa lanari esker kontraerasoan jokatuta.

Binakakoan jokatu duen bere 200. partidan, Oinatz Bengoetxea saiatu da jokoa nahasten eta partida txukuna jokatu du, baina gaur ere ezin izan du 22ra heldu. Aitor Arangurenek ere ezin esan partida txarra jokatu duenik, defentsa handia erakutsi du, baina azkenerako nekea ere pilatu zaio, unerik txarrenean zenbait akats ere batu ditu eta azken txanpan egin die ihes partidak.

Fitxa teknikoa:

Bengoetxea VI.a-Aranguren: 19

Ezkurdia-Ladis Galarza: 22

Pilotakadak: 613. Iraupena: 72,26 minutu. Markagailua: 4-0, 4-8, 8-8, 8-9, 9-9, 9-11, 10-11, 10-12, 13-12, 13-14, 14-17, 17-17, 17-21, 19-21, 19-22. Sakeak: 3 Bengoetxea VI.ak eta 2 Ezkurdiak. Tantoak: 5 Bengoetxea VI.ak, 1 Aranagurenek, 9 Ezkurdiak eta 1 Ladis Galarzak. Hutsak: 4 Bengoetxea VI.ak, 5 Aranagurenek, 4 Ezkurdiak eta 5 Ladis Galarzak. Gorabeherak: Binakakoaren bosgarren jardunaldia Mallabiako pilotalekuan hasi da.