ESK-k salaketa bat aurkeztu du txertaketan izan diren irregulartasunak argitu daitezen
Pasa den astean LABek salaketa bat aurkeztu zuen Santa Marina Ospitaleko eta Bilbo-Basurtu ESIko gerente ohiek egindako txertaketa irregularraren harira; eta astelehen honetan ESK sindikatuak beste salaketa bat iragarri du, kasu honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu du.
ESK sindikatuak urtarrilaren 27an salaketa erroldatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian txertaketa kanpainan eman diren irregulartasunak argitu daitezen.
Ohar batean sindikatuak gogoratu duenez, Bilbo-Basurtoko ESIan eta Santa Marina Ospitalean egindako txertaketa irregularraren berri izan ondoren, salaketa bat aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan, urtarrilaren 20an.
«Salaketa honen helburua da txertaketa-prozesua nola garatu den azalduko duen ikerketa bat irekitzeko eskatzea, erantzukizun guztiak araztu ahal izateko», adierazi du sindikatuak, «txertaketa protokoloa zehatz-mehatz aplikatu dadila» eskatu duenak, «irregulartasun gehiago saihesteko».
Horretaz gain, joan den urtarrilaren 27an ESK sindikatuak beste salaketa bat aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eskaera berberekin, eta erantsi zuen «auzitegi horrek badaezpadako neurri bat har zezala, Osakidetzak dituen txerto guztiak covidaren aurkako borrokan lehen mailako langileen esku jartzeko».
Salaketa horien bidez, ESK sindikatuak «txertaketa prozesuan ESI guztietako zuzendaritzen kudeaketa txarraren erantzukizunak agerian utzi» nahi ditu. «Basurton edo Santa Marinan gertatutako eskandaluari gehitu behar zaio ospitale batzuek 1. lehentasuneko langile guztiak txertatu dituztela, Galdakaon adibidez, beste batzuetan txertatze-prozesua eten egin den bitartean, dosirik ez dutelako; hala nola Emergentziak edo Arabako ESIa», gaineratu du.
«Hau guztia Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Osasun Sailak erakutsitako eraginkortasun eta koordinazio gabezietatik dator. Lehen ESIak ziren eta orain Taifa Erreinuak bilakatu diren Osasun Erakundeetan ordena ezarri beharrean, Osakidetzaren egiturazko arazo larriak artatu gabe bere erantzunkizunak saihestera dedikatzen da», gaineratu du, eta sailburuaren dimisioa exijitu du.
LABen salaketa
ESK sindikatuak LABek irekitako bidea jarraitu du, izan ere sindikatuak salaketa aurkeztu zuen pasa den astean bertan Bilboko goardiako epaitegietan, Santa Marina Ospitaleko eta Bilbo-Basurtu ESIko gerente ohiek egindako txertaketa irregularraren harira.
«Gure ustez, gertaera honek, oraingoz bi kargu horietara mugatuta dagoena baina txertaketa irregularreko beste kasu batzuei buruzko informazioa ezagutzen dugun heinean zabaldu daitekeena, erantzukizun pertsonalak eta politikoak ez ezik, penalak ere badakartza», nabarmendu zuen LABek.