INFO

Kalejira egingo dute Bilbon, Irati Euskal Herrian eta gurasoengandik gertu egon dadin eskatzeko

‘Jira eta bira Irati gurasoekin Euskal Herrira’ ekimenak gurasoekin Aranjuezeko espetxean bizi den haurraren eskubideak betetzeko eskatuko du larunbatean, Bilboko Arriaga Antzokian hasi eta Areatzan amaituko den kalejira baten bidez.

Larunbatean egingo den kalejiraren aurkezpena, Bilboko Arriaga Antzokiaren parean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

‘Irati Gurasoekin Euskal Herrira Dinamikak kalejira bat antolatu du datorren larunbatean Bilbon, hiru urte betetzear den haurrari Aranjuezeko kartzelan dituen gurasoengatik gertu bizitzeko aukera eman diezaioten eskatzeko.

Bilboko Arriaga Antzokiaren parean eman dute ‘Jira eta bira Irati gurasoekin Euskal Herrira’ izeneko ekimenaren berri. Kalejira leku horretatik abiatuko da larunbatean, 17.30ean, eta «sorpresaz beteriko» ibilbideak, tartean musikarekin edo buruhandiekin lagunduta, Areatzaraino eramango du martxa. Herritarrei ekimenean parte hartzeko dei egin diete astearte honetan dinamizatzaileek.

Aurki, martxoaren 8an, hiru urte beteko ditu Irati haur bilbotarrak. Amarekin bizi da egun, Aranjuezeko espetxean, etxetik 450 kilometrotara. Aita ere bertan du, baina beste modulu batean. Espainiako legediaren arabera, hiru urte bete orduko Bilbora joan beharko du haurrak, gurasoengandik urrunduta.

Egoera honen aurrean sortu zen Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamika, eskatzeko Zaballako espetxean familientzako modulu mixto bat edo zaintzapeko pisu bat prestatzea Iratik gurasoengandik nahiz Bilbotik gertu bizitzeko aukera izan dezan.

Eskaera horri tiraka hainbat dinamika bultzatu ditu plataformak azken hilabeteetan, eta Bilboko udalbatzaren gehiengoak ere bat egin zuen proposamenarekin.