INFO

Negu luzea izango da... Phill marmotaren aurreikuspenaren arabera

Phill izena duen marmotak Pennsylvaniako Punxsutawney herrian egin den ekitaldian iragarri duenez, neguak sei aste gehiago iraungo du. Negu luzea izango da, beraz, marmota honek egindako aurreikuspenaren arabera.

Phill marmota gaurko ekitaldian. (Jeff SWENSEN/AFP)

Gaurkoa, otsailaren 2a, egun berezia da hotza gorrotatzen dutenentzat. Askok itxoiten dute ospetsua den Phill marmotaren iragarpena, udaberria noiz iritsiko den zain. Baina zoritxarrez marmotak ez du eguraldi onik iragarri.

Urte luze eta zaila bizi ostean, AEBtako Pennsylvania estatuko Punxsutawney herrian izan den ekitaldian bildu direnek negua laster amaituko zela espero zuten. Praka motzak eta txankletak laster janzteko itxaropena zuten, eguzkiaren beroa larruan nabaritzeko aukera. 

Tamalez, gordelekutik atera, bere itzala ikusi eta berriro ere zulorako bidea egin du marmotak. Hala, neguak sei aste gehiago iraungo dituela iragarri du Phillek. Bere itzalaren arabera egiten du aurreikuspena. Itzala ikusiz gero negua luzea izango dela iragartzen du marmotak. Itzalik ez badago, udaberria laster helduko dela aurreikusten du.

Eta Phillek esperientzia luzea du. Izan ere, ehun urte baino gehiago daramatza aurreikuspenak egiten ustez hilezkorra den animali honek. Bill Murray protagonista zuen Marmotaren Eguna filmari esker egin zen ospetsu Phill.

Murrayk negua hotza eta grisa izango zela iragarri zuen film horretan, biziarteko amesgaizto bat bizitzen zuen bitartean. Marmotaren egunean esnatzen zen, egunero, behin eta berriro. Gaur egun beste erabateko amesgaizto bat bizi du gizarteak: covid-19ak eragindako pandemiarena, oraindik amaitu ez den amesgaiztoa.