INFO

Bizkaiko ostalariak Santurtzitik Bilbora joan dira sektorearen abandonua salatzeko

Osasun krisiaren ondorioz bizi duten egoera salatzeko ibilaldia egin dute Bizkaiko ostalariek. Santurtzitik abiatu eta Lakuaren Bilboko egoitzan amaitu da protesta. Parte-hartzaileek EAEn indarrean dagoen itxiera perimetrala bete dute, manifestazioa erreleboka eginez.

Ostalariak Lakuako egoitzaren aurrean. (ABRIR Bilbao)

Santurtzitik abiatuta, txandakako manifestazioa egin dute Bizkaiko ostalariek. Sektorearen «abandonu-egoera» salatzea eta «laguntzak jasotzeko» eta Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedienteak aplika daitezela eskatzea zen mobilizazioaren helburua.

Hostelería en pie de guerra, SOS Ostalaritza eta Bizkaiko Tabernariak kolektiboek antolatuta, ehunka pertsonak parte hartu dute txandakako ibilaldian, 9.00etan Santurtzitik abiatu da mobilizazioa eta Portugalete, Sestao eta Barakaldo zeharkatu ondoren, Bilbon amaitu da, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean. Manifestazioak EAEn osasun-egoeragatik indarrean dagoen itxiera perimetrala bete du, parte hartzaileek udalerri batetik bestera pasa baitute lekukoa.

Bizkaiko hiriburuan auzoetako sektoreko langileek bat egin dute manifestazioarekin Lakuako egoitzaren aurrean, eta ostalariek mezu bat zuen botila bat entregatu dute.

Ostalariek beharrezkotzat jo dute BEZa % 4ra jaistea, «Alemaniak egin duen bezala», eta eskatu dute «orain dela hainbeste denbora aginduta egon diren funtsak berehala ordaintzeko», jardueraren «gutxieneko itxiera behartua» konpentsatzeko. Halaber, salatu dute «ulertezina» dela ostalaritzako langileek «kobratu gabe jarraitzea edo soldata murriztua bi hilabeteko atzerapenaz kobratzea».

Bestalde, ICOren eta Elkargiren maileguak birnegoziatzeko proposamena egin dute. Ostalariek azaldu dute ezin zaiela «aurre egin mailegu horiei pandemiak azken urte osoan diru-sarrerak sortzea eragotzi baitu».

«Ostalaritza kalean dago. Abandonatua, kriminalizatua, batzuetan erabaki apetatsu eta askoz ulergaitzen mende. Ez da hau gure lekua. Gure tokia taberna, jatetxe edo diskoteketan dago», amaitu dute.