INFO

Donostiako epaitegi batek dio Parte Zaharreko olanak legez kanpokoak direla

Donostiako epaitegi batek urtarrilaren 25ean jakitera eman zuen epaiaren arabera, Donostiako Alde Zaharreko ostalaritza eta establezimenduetako fatxadetako toldo guztiak «legez kontrakoak eta klandestinoak» dira. Parte Zaharrean Bizi taldeak salatu du Udalak ez duela ezer egin auzi hau konpontzeko.

Donostiako Parte Zaharreko irudia. (Jon URBE/FOKU)

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak urtarrilaren 25ean jakitera eman zuen epaiaren arabera, Donostiako Alde Zaharreko ostalaritza eta establezimenduetako fatxadetako toldo guztiak «legez kontrakoak eta klandestinoak» dira, eta dagokien kasuetan «zigorrak ezartzea eta legez kanpoko obrak eraistea» bidezkoa izango da, Parte Zaharrean Bizi elkarteak adierazi duenez.

Salatu du, hala ere, Udalak ez duela ezer egin auzi hau konpontzeko, eta toldoak baimentzeko arautegi berri bat martxan jartzea iragarri zuela.

9 urtez luzatutako auzia

Elkarteak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, azken 9 urteetan jarritako salaketei Udalak erantzunik eman ez zienez, 2017. urteko udaren amaieran Parte Zaharrean Bizik Arartekoarengana jo zuen, irizpena eman zezan «zarata, irisgarritasuna, mugikortasuna, zikinkeria, zaborrak» edo ingurumenari lotutako beste zenbait auziren gainean, iritzi duelako horiek guztiak Parte Zaharreko olanek zuzenean eragindako arazoak direla.

Alde horretatik, elkarteak gogorarazi du Arartekoak «txartel gorria» atera ziola EAJ eta PSEren Udal Gobernuari 2018ko otsailean.

Hala ere, Parte Zaharrean Bizi taldeak salatu duenez, 2018an Donostiako Udaleko zinegotzi eta alkateorde Ernesto Gascok publikoki esan zuen «toldoek auzoan jarraituko zutela», nahiz eta urtebete beranduago Udalak «122 establezimenduri olanak kentzeko agindua eman zuen». Horri uko egin zioten establezimenduei hileko 600 euroko isunak jarri zizkieten.

«Administrazio-bidea agortuta, 122 enpresaburutatik 42k bakarrik jarri zuten administrazioarekiko auzi-errekurtsoa», dio taldeak.

Orain epaitegiak arrazoia eman die Udalari eta Parte Zaharrean Biziri. Hala ere, azken honek deitoratu du gatazka honetan «ulertezina» dela egiaztatzea hiriko udal gobernua «gonbidatu neutral» moduko bat izan dela, elkartearen iritziz nabarmen geratu baita Udalak ez duela auzia konpontzeko «ezer egin» azken 9 urteetan.

Parte Zaharrean Bizik salatu du, gainera, Udala «gezurretan» ari dela, ezkutatu egin duelako elkarteak proposamen bat egin ziola Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteari auzi hau kari, nahiz eta azkenean ez zuten akordiorik lortu.

Modu berean, «modu kontzientean» legea urratzea leporatu dio Udal Gobernuari. «Epaia gorabehera, ez baitu inolako neurririk hartuko; eta erakutsi du arazoaren parte dela, aditzera eman baitu ‘ad hoc’ arautegi berri bat babestuko duela ostalariek toldoan izan ditzaten», adierazi du.

Horrek guztiak agerian uzten du, Parte Zaharreko bizilagun hauen ustez, «hirigintza arauak eta udal ordenantzak ez direla onartzen interes orokorraren mesederako, sektore jakin baten interes partikularraren mesederako baizik».