INFO

Myanmarreko Armadaren kolpearen kontrako desobedientzia zibila abian da

Martxan da Myanmarren Desobedientzia Zibilaren Mugimendua Estatu kolpearen aurka eta gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari da. Militarrek Aung San Suu Kyi buruzagia  auziperatu dute.

Militarrak Naypyidaw hiriburuan. (AFP)

Myanmarreko 70 ospitaletako eta osasun zentrotako langileek bat egin dute asteazken honetan Desobedientzia Zibilaren Mugimenduak lan egiteari uzteko egin duen deialdiarekin, Armadaren Estatu kolpea salatzeko.

Herrialdeko 30etik gora hiritako 74 osasun zentrotan eta ospitaletan lan egiten duten espezialistek, erizainek, dentistek, medikuek eta osasun-langileek, larrialdi kasuetan ezik, ez dutela lanik egingo iragarri dute,  buruan zinta gorriak dutela (Aung San Suu Kyi agintariaren LND alderdiaren kolorea).

«Demokratikoki hautatutako gobernuari baino ez diogu obedituko», azaldu du Magway (erdialdea) eskualdeko ospitalean zuzendaria den Aung San Min-ek.

Yangon hiriko ospital orokorraren osasun-langilekoa bildu egin da eta hiru behatz erakutsiz agurtu du prentsa, Tailandian eta Hong Kongen matxinoen erresistentzia-keinua bere eginez.

Deialdia Myanmarreko iparraldean dagoen Mandalay hiriko mediku talde batek egin zuen atzo, «gobernu kolpista baten alde lanik ez egiteko».

«Gaurtik aurrera era baketsuan protesta egingo dugu desobedientzia zibilaren kanpainarekin eta dei egiten diegu mediku-kide guztiei gurekin bat egiteko».

Desobedientzia Zibilaren Mugimendua martxan jarri du Yangon Youth Network ekintzaile taldeak, Myanmarreko handienetarikoa, Estatu kolpeari «berehala erantzuteko». Hasierako orduetan 160.000 atxikimendu lortu ditu.

Bart gauean Rangunen, herrialdeko hiri handienean, deitutako kazeroladak oihartzun zabala izan zuen. Kazuelen, sartaien eta kotxeen klaxonen hotsek hiri osoa estali zuten,  «Aung San Suu Kyi amarentzat bizi luzea!» eta «Gora Suu ama!» oihuen artean.

Informazio Ministeritzak mehatxu egin die hiritarrei eta komunikabideei «liskarrik bultza ez dezaten»

Giltzapean mantentzeko aitzakiak

Bitartean, Myanmarreko Poliziak Aung San Suu Kyi auziperatzea lortu du ustez inportazioei eta exportazioei buruzko lege bat hausteagatik. Zehazki bere etxean  gobernukideek eta militarrek soilik eduki dezaketen telefono-aparatu bat atzemateagatik. Aung San Suu Kyi Estatu-kontseilaria da, Armadak ez diolako uzten presidente kargua hartu.

Astelehenera arte presidentea zen U Win Myint ere auziperatu dute militarrek ustez ezbehar naturalen legea hausteagatik. U Win Myintek eta bere emazteak herrialdeko hainbat eskualde bisitatu zuten ofizialki pandemiaren erdian. Eta Armadarentzat covid-19a ezbehar naturala da!

Aitzaki hauekin, militarrek giltzapean mantentzen dute LND alderdiaren buruzagia eta bigarrena.