INFO

Zaldibarreko istripuaren urtemugan, herri protestak eta ekitaldi ofiziala zabortegian

Otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegia erori eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertu zirenetik urtea beteko da. Zaldibar Argitu plataformak mobilizazioak deitu ditu hainbat udalerritan eta Lakuak bilaketa prozesuaren egungo egoeraren berri emango du.

Zaldibar Argitu plataformaren mobilizazio bateko artxiboko irudia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Larunbat honetan, otsailak 6, Zaldibarko zabortegia erori eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertu zirenetik urte bat beteko da eta ezbeharra gogoratzeko ekimen ezberdinak antolatu dira. Zaldibar Argitu plataformak mobilizazioak deitu ditu Zallan, Etxebarrian, Elgetan, Markina-Xemeinen, Zaldibarren, Eibarren eta Ermuan. Lakuako Gobernuak, aldiz, larrialdi-jarduketen eta bilaketa prozesuaren egungo egoeraren berri emango du Verter Recycling-eko zabortegian.

Zaldibar Argituk dei egin du egun osoan zehar antolatu dituen mobilizazio ezberdinetan parte hartzera. Zallan izango da lehena, 12.45ean. Etxebarria, Elgetan eta Markina-Xemeinen 13.00ean izango da. Zaldibarren 13.15ean ekingo diote mobilizazioari Udaletxe Plazan egingo duten lore eskaintzarekin. 17.00etan izango da Eibarko manifestazioa Untzagatik abiatuta. Ermuako Zubiaurre kaletik hasiko den manifestazioak emango dio bukaera mobilizazio egunari.

Zaldibarko zabortegiko hondamendiko erantzukizunak argitzeko epaiketan herri akusazioaren kostuei aurre egiteko diru-bilketa kanpaina jarri dute martxan Zaldibar Argituk eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak itsulapikoa.eus-en.

Lakuaren azalpenak

Larunbatean Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak azalduko dute Zaldibarko zabortegian egiten ari diren larrialdi-jarduketen eta bilaketa prozesuaren egungo egoera.

Horretarako, Verter Recycling-en zabortegia bisitatzera gonbidatu dituzte kazetariak eta 12.00etan prentsaurrekoa eskainiko dute.

Gorka Belaskoren kronika grafikoak

‘Elkartasunaren Plaza" fanzinean bildu ditu Gorka Belaskok Zaldibar Argituko deialdi desberdinetan sortutako kronika grafikoak eta Arte Bizkarra Kulturgintzaren babesarekin argitaratu eta musutruk banatuko da otsailaren 6an. Ia 50 marrazki agertuko dira, Zallan ostegunero hamar minutuko elkarretaratzeetan zein manifestazioetan egindakoak.

«Marrazki batzuk bidean kolorea galdu badute ere, euskarriak eta aurrekontuak eskatuta. Bertan batzen dena giza-kalitatea da kalitate grafikoa baino, urte gogor eta latz batean metatu den elkartasunaren adierazlea», dio Belaskok.

Arte Bizkarra Kulturgintzak 200 ale argitaratuko ditu ostegunero elkartzen diren pertsonen artean musutruk banatzeko, «guztion ekarpena eskertzeko eta ez ahazteko ostegunero erakusten duten elkartasuna».

LAB: «Hondamendiak erantzule politiko argiak ditu»

LAB sindikatuak Zaldibar Argitu plataformak deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta langileria bertan parte hartzera gonbidatu ditu. Gainera, Zaldibarko hondamendiak «erantzule politikoak» dituela eta eredu kapitalista «ekozidaren ondorio zuzena dela» nabarmendu du.

Zabortegiaren kudeaketa luizia gertatu zen momentuan, baina baita hondamendiaren aurretik zein ondoren salatu ditu LAB sindikatuak. «Verter Recycling enpresaren jardueran, kontrol eta isun faltaz gain, amiantoaren arauz kanpoko pilaketak egon dira urteetan zehar, kasuz kasu kontrolatu behar zirenak. Jaurlaritzak eta Ingurumen sailak, orduan ere, ez zuten ezer egin», adierazi du sindikatuak.

Zallak Joaquin Beltran aurkitu arte zabortegia ez zigilatzeko eskatu du

Joaquin Beltranen familiak eskatuta, Zallako Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, alderdi guztien babesarekin (EAJ, Zalla Bai, eh Bildu eta PSE), Beltranen gorpua aurkitu arte Zaldibarko zabortegiaren zigilatzea ez egiteko eskatuz. Gainera, larunbateko mobilizazioetara joateko deia egin du.