Manaslu eta K2 mendietan mugimendu «beroa» izaten ari da
Alex Txikonen espedizioak bigarren kanpalekua (6.650 m) hornitzea lortu du. Eguraldiaren iragarpenek bere horretan jarraitzen badute, datorren astearen hasieran gailurrera abiatuko da. K2 mendian, berriz, Juan Pablo Mohr eta Tamara Lunger 3. kanpalekura (7.000 m) heldu dira.
Manaslu eta K2 mendiak dira negu honetan mendizaleak jaso dituzten zortzimilako bakarrak. Manasluri dagokionez, Alex Txikonek eta Simone Morok buru dituen espedizioak aurrerapen esanguratsuak izan berri ditu. Dagoeneko, bigarren kanpalekua (6.650 m) altxatzeko aukera izan dute. Nahiz eta eguraldia lagun izan duten, helburu hori lortzea ez da batere erraza izan. Txikonek berak aurkitu dituzten oztopoen berri eman du: «Lehena, 1. eta 2. kanpalekuen arteko ohiko bidean agerturako errimaia handi bat izan zen. Eskailerekin gainditu genezakeela uste genuen, baina ezinezkoa izan zitzaigun. Oinarrizko kanpalekura jaitsi eta planak aldatu behar izan genituen. Hainbat aukera aztertu ondoren, taldeak eskumarago dagoen aldaera batetik igotzea erabaki zuen. Eta bide hori ekipatzen Cheppal, Kalden, Namja eta laurok jardun dugu. 400 metro soka ekipatzea erdietsi genuen, eta, ondoren, kanpaleku nagusira jaitsi ginen atseden hartzera».
Bien bitartean, Iñaki Alvarez eta Gelum Xerpak lagunduta, Morok lekukoa hartu eta Txikonen taldeak utzitako lekutik beste 250 metro igo zituzten. Lan hauek guztiak atzo bukatzea lortu zuten: «Zalantza barik, zabaldu dugun aldaera horrek oso ibilbide alpinoa du, eta pioletak eta kranpoiak behin eta berriro erabili ditugu. 2. kanpalekutik jaitsi ostean, gaurko gaua oinarrizko kanpalekuan igaro dugu».
Une honetan taldekide guztiak kanpaleku nagusian daude, eta tontorreko saio sendo bat egiteko gogo handiz daude: «Eguraldiaren iragarpenak bere horretan jarraitzen badu eta ezustekoren batek planak aldatzen ez baditu, datorren astearen hasieran gailurra erasotzen saiatuko gara».
K2-n, gora eta behera
Bestalde, K2 edo Chogori menditik kolore guztietako berriak iristen ari dira. Gogoratu behar dugu urtarrilaren 16an hamar alpinista nepaldarrez osatutako talde batek munduko bigarren mendi garaiena neguan lehen aldiz igo zuela. Igoera historiko hori egin bada ere, une honetan hogeiren bat mendizale tontor hori zapaltzen saiatzen ari dira.
Momentuz, kota handiena lortu dutenak Tamara Lunger eta Juan Pablo Mohr dira. Italiarra eta txiletarra hirugarren kanpalekura (7.300 m) heldu dira. Eskalada horretan ez daude oxigeno artifiziala erabiltzen ari, eta Lungerrek honako mezu labur hau bidali du: «Hotz handia egiten ari da, eta lan gogorra egin dugu». Bi alpinistontzat hurrengo 24 orduak erabakigarriak izango dira.
John Snorri islandiarrak eta Ali eta Sajid Sadpara pakintandarrek gaua bigarren kanpalekuan (6.550 m) igaroko dute. Hauek ere ez dute oxigeno artifizialik erabiliko.
Mendizale hauek eta beste batzuek gorako bidea hartu duten bitartean, beste batzuek ekinaldia bertan behera utzi dute. Horien artean dira: Magdalena Gorzkowska, Oswald Rodrigo Pereyra eta Mattia Conte.
Azkenik, Pasang Norbu Xerpak iragarri du K2 mendian abiadura errekorra ezarri nahi duela. Hain zuzen ere, 24 ordu baino gutxiagoan zortzimilako hori igo nahi du oxigeno artifiziala lagunduta. Saioa, bederen, hasi du. Gogoratu behar dugu errekor horren jabe Benoit Chamoux frantziarra dela. 1986. urtean eginiko bakarkako eskaladarako 23 ordu behar izan zituen. Baina igoera hori udaran egin zuen.