INFO

Beltran aurkitu gabe Zaldibarko zabortegia ez zigilatzea eskatu dute Udalak eta familiak

«Joaquin Beltranen gorpuzkiak bilatzen jarraitzeko ahalegin guztiak» egiteko eskatu dio Zaldibarko Udalak Lakuari. Bide beretik, Beltranen familiaren abokatuak adierazi duenez, gorpuzkiak aurkitu gabe zabortegia zigilatzea da «familiak onartuko ez lukeen bakarra»

Eibarren duela hilabete egin zen mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Zaldibarko Udalak «Joaquin Beltranen gorpuzkiak bilatzen jarraitzeko ahalegin guztiak» egiteko eskatu dio Lakuari. Era berean, zabortegian gertatutakoa «lehenbailehen» ezagutzeko eskaera egin du, bi langile lurperatuta geratu ziren urtea beteko denean.

Zaldibarko zabortegiko ezbeharra 2020ko otsailaren 6an gertatu zen eta Udalak, ohar baten bidez, gogora ekarri du, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen kasuez gain, «ingurumenean kalte larriak, egonezina, ziurgabetasuna eta haserre soziala» eragin zituela eta «inguruko herri guztietan».

Zaldibarko Udalak berretsi egin du «gertatutakoa lehenbailehen ezagutzeko» nahia, «biktimen familiari eta gizarte zaldibartarrari erantzun bat eman ahal izateko». Halaber, azpimarratu duenez, «Udalaren lehentasuna beti izan da erorketaren ostean desagertutako pertsonak aurkitzea», eta, horregatik, Alberto Sololuze abuztuan aurkitu ostean, «helburu nagusia Joaquin Beltran aurkitzea izan behar da».

Zentzu horretan, Beltran eta Sololuzeren senideei «bihozberatasunik zintzoena» helarazi die Udalak eta «esker ona» agertu bilaketa lanetan dabiltzan langileei.

Era berean, Joaquin Beltranen familiak, bere abokatu Estefania Rojoren bitartez, zabortegia ez zigilatzea eskatu diote Lakuari. «Hori da onartuko ez luketen gauza bakarra», azpimarratu du. Radio Euskadin egindako adierazpenetan, instrukzio judiziala «oso hasierako fasean» dagoela esan du Rojok, eta, beraz, «ezinezkoa» dela epaiketa noiz egin daitekeen jakitea.

Rojok aitortu duenez, desagertutako langilearen familiak «berandu baino lehen» Joaquinen hondarren bat aurkituko duten itxaropena mantentzen dute. Zentzu horretan, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak agertzea «itxaropen eta alaitasun izpi bat» izan zela esan ostean, bi egoerak ezberdinak direla ohartarazi du, Joaquin Beltranen bilaketa eremua «zabalagoa» delako.

«Hilabeteek aurrera egin ahala, itxaropenek behera egiten dute, baina, oraingoz, bertan egoteko aukera dagoen gune baten bila ari dira», adierazi du.

Durangoko epaitegian egiten ari diren bi prozedurei dagokienez (penala eta ingurumenekoa), pertsona berak bideratuko dituela prozedura horiek jakinarazi du. «Ikuspegi prozesaletik ez luke zentzurik gertaera beragatik irekitzen diren kausak epaile ezberdinek aztertzea. Hemendik aurrera aginduak arinago joatea espero dut, eta beste erritmo bat hartzea, geldirik egon delako», salatu du.