INFO

Bateragune: «Oldarraldi antidemokratikoa» gerarazteko deia egin du Demokrazia Baik

Alderdien ezberdintasunen gainetik herri aktibazioaren alde egin du Demokrazia Bai ekimenak, «Bateragune auzi»ko epaiketa errepikatzeko saiakeraren aurrean. «Oldarraldi antidemokratikoa»ren aurka mintzo da Garaikoetxea, Ibarretxe, Diez Usabiaga eta abar luzea biltzen duen plataforma.

Demokrazia Bai, aurkeztu zeneko ekitaldian. (Jon URBE/FOKU)

Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste lau kideren kontrako epaiketa berriro egiteko erabakiaren aurrean ozen mintzo da ostiral honetan Demokrazia Bai ekimena. Burujabetza eta demokraziaren alde indar metaketa handia lortu duela jakina da: Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe, Rafa Diez Usabiaga, Nekane Altzelai, Javier Madrazo, Daniel Arranz, Anjeles Iztueta, Txutxi Ariznabarreta, Jesus Uzkudun...

Bere jatorrizko aniztasun horretatik heldu diote auziari, adierazpen batean: «Gure ustez guztiz beharrezkoa da aktibatzea, kasu honetan ere, egoerak eskatu duen bakoitzean ongi funtzionatu duten herri baliabideak, alderdi desberdintasun zein beste motatakoen gainetik», azaldu du.

«Demokrazia Baik, sortze oinarriekiko leial, bat egiten du Bateragune auziaren inguruan azaltzen ari den kontzientzia kritiko anitzarekin. Gure asmoa da bildu daitezkeen beste eragile batzuekin batera hondar alea jartzea oldarraldi antidemokratiko hau geraraziko duten ekimen ildoan», aipatu du. 

Honela baloratzen du Espainiako Entzutegi Gorenak erabakitakoa: «Lege oinarria argia da. Non bis in Idem, hau da, gertakari bera ezin da birritan zigortu. Horregatik, ez dator Zuzenbidearekin bat Bateraguneko auzipetuak berriro epaitzea. Modu nabarmenean berretsi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEA), kasu honen inguruan 2018an emandako epaian: Beste epaiketarik ez, baldin eta auzipetuek eurek eskatzen ez badute. Eta ez dago halakorik».

«Manuel Marchena Auzitegi Goreneko buruaren ekimen zesaristak, Auzitegi bereko Osoko Bilkurak babestuta, ez die eragiten auzipetuei eta haien inguru politiko zehatzari bakarrik. Urrunago doa. Europako esparru judizialaren aurkako erronka nabarmena ere ba da. Eskumatzar judizialari ez zitzaion inoiz gustatu GEEAk 2018an kasu honi buruz emandako epaia, zeinen arabera auzipetuek ‘inpartzialitate falta’ jasan zuten. Eta badirudi ez zaizkiela gustatu Estatuko Gobernuaren inguruan lortutako kontsentsuak ere, zeren eta zentzugabekeria beraren zeharkako biktima bilakatu dute», erantsi du.

«Katalunia eta Euskal Herria txandaka»

Egungo testinguruari ere begiratzen dio adierazpenak: «Hautestontzietan garaitutako eskuin espainiarraren txandakako lasterketa eroan, duela aste gutxi militar altxatzaileen ‘sableen zarata’ estreinatu zen lehenago, eta ’dogen zaratak’, ‘Epaileen Gobernua’ deiturikoak, hartu dio lekukoa orain».

Demokrazia Bairen hitzetan, «kontzientzia demokratikoa daukan inork ezin dio entzungor egin oinarri demokratikoen aurkako zuzeneko eraso honi, ez eta Europako esparru judizialaren aurkako adarkadari. Eta Euskal Herriarentzat, herri bezala, onartezina da bakea eraikitzen ari garen sasoian, probokazio honekin  -terrorismoaren akusaziopean eta bermerik gabe epaitu gura bakearen aldeko apustua egin zutenak- berpiztu nahi baitira iraganeko garaiak, zeintzuetan  kokatuta jarraitzen duen Marchenaren Auzitegi Gorenak».

«Dirudienez, aipatu auzitegiak estaturik gabeko nazioak suntsitzea du zeregin, nazionalismo espainol harroputz eta baztertzailetik abiatuta. Katalunia eta Euskal Herria txandaka hartzen gaituzte zartakoen zaku», erantsi du.