Elkartasun argazki kanpaina antolatu du Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak
Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak argazki bidalketa masiboa antolatu du hiru urte betetzear den haurrari Aranjuezeko kartzelan dituen gurasoengandik gertu bizitzeko aukera eman diezaioten eskatzeko.
Argazki bidalketa masiboa antolatu du Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak gaurtik martxoaren 8ra arte. Izan ere, egun horretan hiru urte beteko ditu Irati haur bilbotarrak. Amarekin bizi da egun, Aranjuezeko espetxean, etxetik 450 kilometrotara. Aita ere bertan du, baina beste modulu batean. Espainiako legediaren arabera, hiru urte bete orduko Bilbora joan beharko du haurrak, gurasoengandik urrunduta.
Egoera honen aurrean sortu zen Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamika, Zaballako espetxean familientzako modulu mixto bat edo zaintzapeko pisu bat prestatzea eskatzeko, Iratik gurasoengandik nahiz Bilbotik gertu bizitzeko aukera izan dezan.
Eskaera horri tiraka hainbat dinamika bultzatu ditu plataformak azken hilabeteetan, bestek beste, larunbatean egindako kalejira. Duela hilabete bat, Bilboko udalbatzaren gehiengoak ere bat egin zuen proposamenarekin.
Oraingoan argazki bidalketa masiboa antolatu du. Horretarako, www.iratigurasoekin.eus webgunean sartu behar da, irudia deskargatu, argazkia atera eta bidali #IratiGurasoekinEHra traola erabiliz, Facebook, Twitter eta Instagram-era edo iratigurasoekin@gmail.com helbidera. Banaka, binaka edo taldeka izan daiteke argazkia.
Iratirena ez da kasu bakarra: une honetan, ehun haurrek baino gehiagok dute ama edo aita kartzelan, eta hamabost haur dira biak, aita eta ama, preso dituztenak. Gurasoak ikusteko asteburuero ehunka kilometro egin behar dituzte. Egoera horrek konponbide «erraza eta bideragarria» duela nabarmendu dute ekimeneko kideek: «sakabanaketa politikarekin bukatzea».