INFO

Errealitateko bi kasutan inspiratutako nobela beltz berria argitaratu du Alberto Ladronek

Leire Asiain foruzaingoko inspektorea da beste behin ere Alberto Ladronen eleberri baten protagonista. ‘Mendekuaren hazia’ (Elkar) nobelak mutil-lagunak hil duen emakume baten eta hiru urte geroago desagertu den beste baten kasuak jorratzen ditu.

Alberto Ladron idazleak ‘Mendekuaren hazia’ liburua aurkeztu du. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Alberto Ladron Arana idazleak (Iruñea, 1967) ‘Mendekuaren hazia’ (Elkar) eleberria aurkeztu du astearte honetan. Nobela beltza da, errealitatezko kasuetan inspiratuta eta 2014tik 2020 urtera girotuta. Beste behin ere, Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea izango da Ladronen eleberriaren protagonistetako bat.

Nobelak hiru atal ditu, garai ezberdinetan girotuak. Lehenengoa 2014an gertatzen da, eta protagonista Andoni Iso da, Donostian neska laguna hil berri duen gizon gaztea. Hiru kapitulutan krimena estaltzeko eta zigorraz libratzeko gizon horren ahaleginak ikusten dira. Ertzaintzak ezin du haren aurkako frogarik topatu.

Bigarren atala hiru urte geroago gertatzen da, 2017an neska bat desagertzen denean. Leire Asiain inspektorea kasua ikertzen hasten da. Neska bere mutil lagunarekin zegoen asteburu pasan Erronkariko landetxe batean, baina ez dago garbi zer gertatu den. «Neskaren gorpurik ez da inon ageri, eta hilotzik ezean ezin hilketarik egotzi», azaldu du Ladronek aurkezpenean.

«Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea jo eta su saiatuko da, bere talde osoarekin, kasua argitzen eta Isoren akatsen bat harrapatzen, baina, susmoak eta arrastoak pilatu arren, ikerketak aurrera egin ahala, misterioa argitu ordez, mataza nahasia are gehiago loditzen eta korapilatzen doa», dio eleberriaren sinopsiak.

Azken atala 2020an gertatzen da. Horregatik pandemia egongo da presente: maskarak, distantzia... Atal honetan misterioa argitzeaz gain, irakurleek Asiain zertan ari den jakingo dute. Eta pertsonaia berri bat ezagutuko dute: Patxi izeneko detektibea, etorkizunean ziurrenik Ladronen eleberrietan agertuko dena.

Leire Asiain protagonista duen idazle iruindarraren bosgarrena eleberria da. Aurrekoan, ‘Film zaharren kluba’ (2018, Elkar), Asiainek Foruzaingoa utzi zuen, baina hori 2018an gertatu zen eta nobelaren bigarren atala hori baino aurretik gertatzen da, horregatik irakurleek pertsonai ezagunak ikusiko dituztela aurreratu du Ladronek.

Errealitatean inspiratua

Ladronen hamabigarren nobela da. Bi urte idatzi gabe egon da, aurkezpenean azaldu duenez, «atsedena hartzeko beharra» baitzuen. Gainera, nobela berria hau «patxadaz» idatzi nahi zuela adierazi du: «Oso pozik geratu nintzen aurreko nobelarekin eta erabaki nuen ez nuela nobela berririk hasiko maila horri eutsiko niola segurtasuna izan arte».

Esan duenez, aurreko nobela idazteko fikzioan inspiratu zen, «suspenseko pelikula klasikoetatik». Baina honetan errealitatetik bilatu izan du «inspirazioa askotan errealitateak fikzioa gainditzen duelako».

Iruñeko idazleak azaldu duenez, urtebete inguru eman du benetako krimenei buruz dokumentatzen eta bi kasu erabili ditu ‘Mendekuaren hazia’ idazteko: Estatu Batuetako familia baten plan harrigarria eta aurreko mendearen bukaeran Galizian gertatutako hilketa bat. «Bi kasu horiek elkartu nituen eta horrela hasi nintzen eleberriaren argumentua egiten», argitu du.

Nobela berria mendeku baten kontakizuna dela aurreratu du Ladronek. «Nire ustez denok dugu justiziaren sena buruan eta azken finean mendekua muturreko justizia mota bat da. Nire ustez horregatik gertatzen zaizkigu hain erakargarriak mendekuei buruzko historiak, justizia nahi hori asetzen dutelako», esan du.

Nobelan agertzen diren gizartearen erreakzioak errealitateko kasuetatik atera ditu ere. Besteak beste, La Manada eta Nagore Laffageren kasuak buruan izan dituela argitu du: «Bi kasu horiek oso presente egon dira Nafarroako errealitatean eta nire ustez halako erreakzioak agertu ez balira segur aski norbaitek faltan botako zituen».

Hurrengo nobela gerraostean girotua egongo dela eta haurrak izango direla protagonistak aurreratu du Ladronek. Leire Asiain ezean, bere aitona agertuko da.