Gipuzkoa Basketek Estudiantesen aurka «beste partida bat» baino zerbait gehiago jokatuko du
Donostiarrek ACB Ligako azken postua utziko dute baldin eta Madrilgo taldeari Illunben irabazteko kapaz badira. Covid-19a dela eta atzeratutako partida honetan JJ Barea antolatzailea izango da Estudiantesen jokalaririk arriskutsuena, taldeko lidergoa hartzen ari da-eta.
Urtarrilaren 30ean jokatu behar zuen Acunsa Gipuzkoa Basketek Estudiantesen aurka, baina Madrilgo taldeak arazo ugari izan dituelako covid-19arekin, asteazken honetan, 20.30etan jokatuko da Illunbeko neurketa.
Marcelo Nicolak partida bezperan esandakoari jaramon eginez gero, «beste partida» bat besterik ez da, azken baten, oraindik Liga Erregularra amaitzeko jardunaldi nahikoa falta da eta galduta ere, izango luke erremediorik. Teoriak hala dio, bai, baina egiari zor, «beste partida bat» bakarrik dela esatea asko esatea ez ote den...
Uneotan, lau garaipen bakarrik lortuta, Gipuzkoa Basket ACB Ligako azken postuan dago, Bilbao Basketekin batera. Alabaina, Betis eta Estudiantesek garaipen bana gehiago besterik ez dute. Irabaziz gero, azken postua lagako lukete donostiarrek denboraldia hasi denez geroztik ia aurreneko aldiz, eta aurkari zuzen bat atzean lagatzeaz gain, beste bi harrapatuko lituzke. Are gehiago, gauzak nahi bezala atera eta Estudiantesen aurka 20 puntuko aldea aterako balu –behin txakur ametsak egiten hasiz gero, dena hartu behar da kontuan–, joanekoan 80-61 galdu baitzuen GBCk, zuzeneko averagea ere irabaziko lioke, balizko berdinketa baten donostiarren alde desenpatatuz.
Bada, ulergarria den arren Marcelo Nicolak epika eta garrantzia –eta ondorioz, presioa– kendu nahi izatea asteazkeneko partidari, nekez esan liteke Estudiantesen aurkakoa «beste partida bat» baino ez denik.
Geldialdi luzea
Aukeran denbora larregi darama Gipuzkoa Basketek partidarik jokatzeke. Azkena, urtarrilaren 24an jokatu zuen, eta jokatu ez balu, hobe, Bartzelonak 68-110 irabazi baitzion, 2021. urte hasierako emaitza eta joko on bolada errotik etenaz.
Baina Estudiantesen aurka jokatu ezin izateak, batetik, eta joan den asteburuan nahitaez atsedena hartu beharrak –alperrik ez daude 19 talde ACB Ligan– gipuzkoarren erritmoa eten ote duen! Edota taldea hobeto prestatzeko denbora emango zion akaso.
«Gauzak diren modukoak dira eta hori ezin da aldatu. Taldeak lanean jarraitu du denbora tarte honetan, partida egunean egin beharrekoak hobetu nahian», adierazi du Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile argentinarrak.
Estudiantes, aldiz, covid-19a pasa ondoren, atzeratutako partidak jokatzen ari da, zorte handirik gabe orain arte. Zaragozaren aurka galdu egin zuen etxean lehenengo eta joan den domekan, nahiz eta Real Madril estu hartu zuen, galtzaile atera zen orduan ere. Hala, jarraian bost porrot pilatu ditu bere burua garai baten «Madrilgo aurreneko taldea» zela zioen hark.
Kontuz NBAko txapeldunarekin
Hori bai, Gipuzkoa Basketek ez bezala, Estudiantesek diru apur bat badu eta fitxaketak etengabe egin ditu denboraldi honetan, nahiz eta emaitza onegirik atera ez. Azkena Puerto Ricoko JJ Barea antolatzailea da, Dallas Mavericks taldeko antolatzaile titularra denbora luzean eta 2010-11 denboraldian NBAko txapelduna, alajaina, Texasko taldearekin, Dirk Nowitzki alemaniarraren itzalean.
Bareak ere aspaldi eman zituen onenak, baina antolatzaile txikiak badu oraindik jokua eta talentua, eta horri so egon beharko dute donostiarrek. Auskalo zernolako «errezeta» erabiliko duen Nicolak Barea geratzeko, baina ez harritu Xabi Oroz kapitaina gainean jarriko balio, eskolta azkoitiarra abila baita buruz buruko defentsan.
«Harrigarria da nola Bareak bi partida nahikoa izan dituen taldeko lidergoa hartzeko. Hala ere, askoz errekurtso gehiago ditu. Avramovic era eta Robersonek baloia oso ongi erabiltzen dute eta jaurtitzaile on askoak ere baditu», azpimarratu du Nicolak astearteko prentsaurrekoan.
Ikusi egin behar asteazken gaueko dema nola ateratzen zaion Gipuzkoa Basketi, baina susmoa badabil hor zehar; hau da, asteazkeneko partida aurrera ateratzen duenak ez duela «beste partida bat» bakarrik irabazita izango.