INFO

Sindikatuek bat egin dute urrunketarekin amaitzeko EAJ, EH Bildu, PSE eta EPk onartu mozioekin

ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek «urruntze politikaren testuinguruan trafiko ezbehar batean hildako 16 pertsonen familiek jasandako sufrimenduaren aitorpena» adierazi dute eta «espetxe politika honekin premiaz amaitzeko» eskaera egin dute.

Sindikatu nagusietako ordezkariak pasa den urtean izandako elkarreteratze batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE (Gipuzkoa eta Nafarroa), Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek babestu egin dute azken asteetan EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoek Tolosa, Lasarte-Oria eta Soraluzeko udalbatzetan hartutako «akordio garrantzitsua», izan ere urrunketaren eraginez presoen senideek pairatutako sufrimendua aitortu dute aipatutako taldeek.

Sindikatuek «urruntze politikaren testuinguruan trafiko ezbehar batean hildako 16 pertsonen familiek jasandako sufrimenduaren aitorpena» adierazi dute, «espainiar Estatuko hainbat presondegitatik urrun dagoen preso bat bisitatzera joan edo itzultzen zirenean».

«Espetxeko Lege Orokorraren birgizarteratze printzipioak jarraituz, askatasuna kentzeko zigorra dutenen deserrotzea ekiditeko urrunketaren espetxe politikarekin desadostasuna adierazten dugu eta, era berean, ETAren behin betiko amaieraren ondoren ireki den garai berriaren barruan, espetxe politika berri baten beharra ikusten dugu, zigortuak zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbideratzen duena, horrela haien senideekin duten harremana erraztuz eta adingabeko seme-alaben eskubideak defendatuz, haien ongizatea bermatzeko», gaineratu dute.

Eta preso dauden pertsonak urruntzea «haien senide eta lagunei ezarritako zigor gehigarritzat» hartzen dutela nabarmendu dute. «Hori dela eta, espetxe politika honekin premiaz amaitzeko eskaera egiten dugu, 16 heriotza hauek bezalako gertaera tragikoak berriro gerta ez daitezen», azaldu dute, izan ere, haien ustez, «legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politika bat aplikatuz, beste neurri batzuekin batera, presoen problematikari erantzun bat ematea elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko kontutan izateko ekarpena litzatekeela uste dugu».