Drogen kontsumo gainbegiratua: arrisku eta mendekotasunari aurre
Drogen kontsumo segururako 100 bat gela daude munduan. Horietako bat Bilbon. «Erabiltzaileen bizi itxaropena eta bizi kalitatea areagotzea» helburu izanik, bidaia luzea egiten dute kontsumo higieniko eta seguru batetik hasita, gizarteratze prozesu oso bat egin arte.
HIESa 1980ko hamarkadan agertu eta azkar hedatu zenean, Europan zenbait erantzun jarri ziren praktikan, droga injektagarrien eta arrisku handiko beste kontsumo mota batzuek eragindako kalteak murrizteko. Lehen neurri haien atzetik, 90eko hamarkadan, zabaldu ziren gainbegiratutako kontsumo aretoak. Gaur egun, Europan, mota honetako 78 gela daude. Horietako bat Bilbon. 2003an ireki zituen ateak lehen aldiz, Munduko Medikuak elkarteak kudeatuta. 2015etik aurrera Gizakia Fundazioaren esku dago. Bertan substantzien gainbegiratutako kontsumoa errazten da, zentroak emandako material antzuak erabiliz. «Kontsumitutako substantzia, heroina, kokaina edo bien nahasketa, erabiltzaileek ekartzen dute», azaldu dio Aitor Ruiz koordinatzaileak NAIZi.
Helburu argi batekin egiten dute lan bertan: «Erabiltzaileen bizi itxaropena eta bizi kalitatea areagotzea». Zentzu horretan, droga kontsumo hauek bertan egiteak osasun kalteak «murriztu edo arindu» egiten dituela nabarmentzen du Ruizek, adibidez, gaixotasun kutsagarrien intzidentzia gutxituz. Era berean, leku publikoetan erabiltzaileek egiten duten kontsumoaren eragina murriztea ere badute jomuga. Eta drogen kontsumo bide horretan aholkularitza pertsonala, esku-hartze sozioedukatiboa eta sikosoziala eta baita familia edo komunitatearekin bitartekaritza lana ere egiten dute.
Bilboko Bailen kalean duten egoitza bederatzi lagunen artean kudeatzen dute: bi erizain, lau gizarte hezitzaile, mediku bat, segurtasun laguntzaile bat eta koordinatzailea, sikologoa ere badena. Bertan, injekzio eta erretze gela bana dituzte non material antzua eta droga kontsumitzeko giro higieniko eta lasaia dagoen. Gela hauetan beti dago gainbegiraketa horretarako prestatutako langile bat. Baina horretaz gain, gizarte topaketarako, aisialdirako, atseden hartzeko, edo zerbait jateko espazioak ere aurki ditzakegu.
Izan ere, fundazioaren lana ez da gainbegiraketa horretara mugatzen. Hainbat tailer antolatzen dituzte osasun hezkuntza edo gizarte kontzientzia jomuga dituztenak. Hala ere, koronabirusak ere izan du eragina kontsumo aretoaren egunerokoan eta orain erabiltzaile gutxiago ditu. «Aurretik, zentroak batez beste 40 erabilera zituen egunean», azpimarratzen du Ruizek.
Kontsumoa, noiz eta nola
Kontsumo areto honetan, aipatu bezala, kokaina edo heroina inhalatuta edo injektatuta hartzen dute erabiltzaileek. «Bertako kontsumoa ez da, oro har, bakarra, ezta lehena ere. Horregatik, eta beraientzako segurtasun arrazoiak direla-eta, aurreko 12 orduetan kontsumitutako substantziak eta hartutako tratamendu farmakologikoak galdetzen dizkiegu erabiltzaileei».
Erantzuna edozein izanda ere, bigarren kontsumoa egiteko, bertan edo zentrotik kanpo ordu erdiz egotearen baldintza jartzen dute, horrela kontsumoak gutxieneko denbora horretan barreiatuz. «Arreta berezia eskaintzen diegu, halaber, denbora asko abstinente daramatela adierazten duten pertsonei, arrazoia edozein dela ere». Kasu hauek tratamendu berezi baten, ospitaleratze edo espetxean egotearen ondorio izan daitezkeela azaltzen du Ruizek.
Kopuruaz gain, hartzen duten substantziaren purutasuna ezagutzen ere laguntzen diete. «Gaindosia edo kontrako erreakzioa izanez gero, substantzia biltzen eta analizatzen saiatuko gara. Zoritxarrez, batzuetan ezinezkoa da, ez dagoelako hondarrik edo erabiltzaileak lagina entregatzeari uko egiten diolako», nabarmentzen du aretoko koordinatzaileak.
Arrisku nagusia gaindosiak dira. Honelako egoeren aurrean, lankidetza hitzarmen bat dute Osakidetzako larrialdiekin, premiazko arretako kasuetan jarduteko protokoloak ezartzen dituena. Opiazeo gaindosi baten kasuan, adibidez, antagonista lanak egiten dituen naloxona eman dezakete, medikuaren agindurik behar izan gabe. «Sei urte hauetan, bertako profesionalok 316 egoeratan esku hartu behar izan dugu, larrialdiko osasun arreta behar izan baitute, maila handiagoan edo txikiagoan».
Areto bakarra Euskal Herrian, bakanetakoa Estatuan
Bilbokoa da, aipatu moduan, Euskal Herrian dagoen gainbegiratutako kontsumo areto bakarra. Eta espainiar Estatuari begira, Herrialde Katalanetan baino ez da besteren bat topatzen. Europan 78 eta munduan, 100 inguru. Hauetan guztietan ez da gaindosi baten ondorioz heriotz bakar bat ere erregistratu.
«Faktore askok baldintzatzen dute gainbegiratutako kontsumo-gela bat abiaraztea, baina nagusia ekonomikoa da», dio Ruizek. «Baliabide horiek finantzatzea, administrazioek kalteak murrizteko politikei ematen dioten garrantziaren araberakoa da. Administrazioek ulertu behar dute baliabide horiek baliotsuak direla, ez bakarrik bertara joaten diren erabiltzaileentzat».
Zentzu horretan, balioan jartzen du baztertua dagoen populazioarekiko harremana lortzeko eta mantentzeko ahalmena. «Horri esker, higienean berehalako hobekuntza eta kontsumo seguruagoa lortu dira, bai eta onura orokorragoak ere osasunaren eta ordena publikoaren arloan». Era berean, areto hauek erabiltzea «droga injektagarrien kontsumoan arrisku jokabideak uztearekin lotuta dagoela» defendatzen du.
Azken helburua, nola ez, desintoxikazio eta droga mendekotasunen tratamenduen administrazioa handitzea.